Herriko egitasmoetarako boluntarioak nahi dituzte

Ataria 2024ko urtarrilaren 25a

Ikaztegietako San Lorentzo festak, 2022. urtean.

Izena emateko orria eskuragarri dago Ikaztegietako Udalaren web orrialdean; interesa dutenek hainbat modutan aurkeztu dezakete: aurrez aurre udaletxean eta telefonoz.

Ikaztegietako Udalak deialdia zabaldu du boluntarioek izena eman dezaten herrian egiten dituzten ekimenetan zein bertan jarduten duten elkarteetan.

Herrian egitasmo «asko» egiten dituztelakoan daude, baina laguntza ere behar omen dute: «Udaletik zein herrigintzatik asko dira herrian eta herriarentzat egiten ditugun gauzak. Horiek egiten jarraitu nahi dugu –eta jarraituko dugu–, baina zure laguntza ere behar dugu».

Laguntzeko arrazoiak
Bi arrazoiren bueltan bildu du deialdia Ikaztegietako Udalak: batetik, boluntario «gutxi batzuen» gain omen daude herriko «ekimen asko», eta erreleboa behar omen dute; eta, bestetik, «herri kohesionatuago bat» lortzeko baliagarria izan daitekeela uste dute: «Komunitate beraren parte izan gaitezen eta Ikaztegieta kohesionatuago baten bila, beharrezkoak ditugu elkarrekin lan egiteko espazioak».

Izena emateko orria eskuragarri dago Ikaztegietako Udalaren web orrialdean, eta interesa duenak beteta aurkezteko hainbat aukera ditu: inprimatuz eta udaletxean entregatuz; eta informazioa 688 635 775 zenbakira bidaliz Whatsapp edo Telegram bidez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!