Elkarrizketa

«Nik uste proiektu polita izan daitekeela berriro antolatzeko»

Aitor Arroyo Askarai 2023ko urr. 19a, 07:59

Larunbatean kiroldegian ospatuko dute Ikaztegietako lehen garagardo azoka. Arratsaldeko seietan zabalduko da, zortzietatik hamarretara izango dira afariak eta ondoren bingoa egingo dute.

‘Pako belea’ konpartsak antolatu du Ikaztegietako lehen garagardo azoka. Taldekideetako bat da Aitor Tello Iriarte (1978, Ikaztegieta) eta ekimenaren nondik norakoak kontatu ditu.

Zergatik erabaki duzue garagardo azoka antolatzea?

Egia esan, hasieran ez genuen inongo helbururik; asmo bakarra zen urtean bi ekitaldi egitea. Lehenengoa egin genuen: inauteriak berriro ospatzea Ikaztegietan. Eta, bigarrena, urtea ere aurrera joan da eta ikusi dugu beste herri batzuetan garagardo festek dezenteko arrakasta zutela, eta horregatik erabaki genuen Ikaztegietan ere egitea.

Zailtasunik topatu  al duzue?

Zailtasun handirik ez dugu eduki. Batetik, kolaborazio handia izan dugulako bai konpartsaren barruan, bai udaletxe barruan. Eta, bestetik, herrian bertan baditugu behar genituen material asko, eta gehienbat izan da hornitzaileekin harremana egitea eta dena martxan jartzea.

Zein garagardo egongo dira eskuragarri?

Zerbeza ferian zazpi garagardo ezberdin edukiko ditugu. Horietatik bost 'Basabe' artisau garagardoak izango dira; beste bat izango da alkoholik gabea eta beste bat garagardoa limoiarekin nahastuta.

Tiketak salgai egon dira urriaren 7tik 17ra. Zer moduzkoa izan da salmenta?

Gutxi gorabeherakoa badakigu: epea asteartean bukatu zen eta oraindik azken zenbaketa egiteko daukagu. Baina beti bezala jendea lasai ibiltzen da eta azken egunetan hurbiltzen dira gehienak. Orain begiratuko dugu ea zer moduz joan den, baina itxuraz ematen du jendea mugitu dela, eta alde horretatik gustura gaude.

Egunean bertan egongo al da aukerarik tiketak eskuratzeko?

Bai, noski. Epea jartzen dugu gehienbat antolaketa lana errazteagatik: hornitzaileei eskaera egiteko garaian gutxi gorabeherako kopuru bat jakin ahal izateko. Baina egunean bertan ere izango dira tiketak kanpotik etortzen direnentzat, despistatuta ibili diren guztientzat edo egunean bertan goseak geratu eta berriro jan nahi dutenentzat. Guzti horientzat ere aukera izango da.

Non izango da azoka?

Zalantza izan genuen. Plazan badaukagu karpa bat eta horrek aukera asko ematen zizkigun, baina ikusita urrian gauak hotzak izaten direla eta eguraldiak ere askotan ez duela laguntzen, ez dakigula ondo nondik joko duen... Erabaki genuen kiroldegian izatea, eta han izango da guztia.

Nolatan erabaki duzue bingoa egitea?

Hori azkenean da feria pixka bat luzatzeagatik eta arratsaldean sortuko den giro polit horri bukaera bat emateko. Horregatik erabaki genuen bingoa egitea; bere sariak eta guzti izango ditu.

Eta sariak zein izango dira?

Ziurrenik izango dira produktu sortak, zeinak laguntzaileek eman dizkiguten.

Jakiteko oraindik garaiz izango da agian, baina aurrera begira ba al duzue asmorik berriro antolatzeko?

Iruditzen zait baietz. Azkenean Pako Belea konpartsak garbi zuen urtean zehar hainbat ekitaldi egingo zituela: bi, behintzat, bai. Joan den urtean inauterietakoa, nahiz eta beste data batzuetan izan, egingo da. Bigarren hau nik uste proiektu polita izan daitekeela berriro antolatzeko. Gero udaletxeak antolatzen dituen kultur ekintzez aparte, jakina.

Beste ekimenik ba al daukazue esku artean?

Aurten egingo dugu konpartsaren eguna eta lehen aldia izango da. Horren helburua gehienbat da urte guztian lanean ibili ondoren sari moduko bat izatea. Aurten hurrengo eguna jarri dugu, igandea, eta horretarako ere beste egitarau bat antolatu dugu.

Orain arte konpartsan berrogei bat kide izango ginen, eta kideak esaten dudanean ari naiz zuzenean lanean aritzen direnez: musikariez, dantzariez, erraldoiekin dantza egiten dutenez... Baina orain ikusita ekitaldiak-eta antolatzen hasi garela, esan beharra dago konpartsa askoz gehiago handitu dela. Batetik guraso gehiagok parte hartu dutelako, eta, orokorrean, azkenean konpartsa bera handitzen ari delako.

Zer esango zenioke garagardo azokara joateko zalantzan dagoenari?

Lehenik eta behin: etortzeko. Bigarrenik: zalantza badu ere, etortzeko [barrez]. Horixe, gutxi gorabehera beste azoketan ikusita zein giro izaten den-eta, erakargarria iruditzen bazaio eta inoiz ez badu probatu, bada, etor dadila eta jan edana izango duela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!