«Gogotsu gaude datorrenari heltzeko»

Aitor Arroyo Askarai 2023ko urr. 11a, 07:58

Kargua «arduraz» hartu duela kontatu du Alba Garmendia (1992, Ikaztegieta) Ikaztegietako alkate berriak. Lehen hilabeteak «gorabeheratsu samarrak» izan omen dira, besteak beste, bi lan uztartu behar izan dituelako eta taldearen gehiengoak ere lehen aldia duelako udalean. Etorkizunera begira «herri bizi bat» eraikitzea dute helburu, eta horretarako herritarrekin batera egin nahi dute lan. 

Lehen agintaldia izango duzu. Nola sentitzen zara?

Pixka bat arduraz. Berriak gara eta zer datorren ez dakigu oso ondo: bost zinegotzi lortu ditugu udalean eta horietatik bakarra da aurretik izandakoa. Beraz, talde guztia gaude pixka bat zer datorren oso ondo jakin gabe eta horri helduko diogu tentsio puntu horrekin. Hala ere ilusioz gabiltza, eta gogotsu gaude datorrenari heltzeko.

Nolakoak izan dira lehen asteak?

Ekainetik hona pasatakoa gorabeheratsu samarra izan da. Ekainean oraindik lanean nenbilen Iruñean institutu batean eta hasiera oso betea izan zen, bi lan uztartu behar izan nituelako. Uda askoz lasaiagoa izan da administrazio aldetik, baina festak izan ditugu. Orain arte festak herritar bezala bizitzen genituen, eta orain, berriz, ardura puntu batekin joan dira. Irailetik hona kurtsoa hasi dela nabaritzen da: administraziotik gauza gehiago daude, egunerokoan ere mantentze lan asko dauka herri batek.

Pertsonalki nola ikusten duzu zeure burua?

Lehen esan bezala, gogotsu; eta, aldi berean, beldur pixka batekin: normalean lan asko egitekoa naiz, eta ordu asko sartzekoa. Beraz, errespetua diot alderdi pertsonala eta laborala uztartzeari. Udaletxe batek hartzen du eskaintzen diozun denbora eta lan guztia, beraz… Dena dela, asmoa ere badugu herritarrak inplikatzeko udaletxeko edo herriko hainbat dinamikatara. Ondo legoke herritarrak gerturatzea, bestela, bakarti samarra edo izan liteke Ikaztegieta bezalako herri batean. Lanaldi erdira nago liberatuta, baina beste inor ez dago. Alderdi politikoagoa edo izango litzatekeena nik bakarrik daramat, eta zentzu horretan pixka bat bakartiagoa ere bada. Bakardade horri beldur puntu bat badiot; ea nola kudeatzen dugun.

Zein dira datozen lau urteetarako proiektuak?

Hastekotan gabiltza udal lanpostuen balorazio bat egiten. Erronketako bat da horien balorazio zehatza egitea, batez ere, datozen urteetan erretiratuko direlako langile batzuk. Helburua da langile berri horien profilak ondo diseinatzea, eta horretarako ondo aztertu behar dugu zein behar dauden herrian, zein diren bilatzen ditugun ezaugarriak... Batez ere herri langileei begira da lanketa, eta erronka sendoa da.

Horrez gain, hirigintza da betiko erronketako bat. Jendea eta gazteak herrian bizitzen gelditzea nahi dugu, eta ardura handiz bizi dugu izatez herrikoa ez den jendea etortzeak hizkuntzarengan eduki lezakeen eragina. Beste erronka bat da zer egin dezakegun lotarako hirien zentzu hori ez elikatzeko eta komunitate bat izan dadin benetan hemen egiten duguna, eta ez ia elkar ezagutzen ez duten bizilagun talde bat; eta horrekin oso lotuta dago herri aktibo izateko kontua.

Hauteskundeen aurretik hasi ginen programarako ideiak jasotzen jakiteko ea jendeak zer nahiko lukeen egitea. Normalean udaletxearen bueltan dabilen jendeaz gain, saiatu ginen pixka bat zabaltzen lehen ere zabala zen talde hori, eta elkartu zen jende pixka bat. Lantaldetxo hori martxan mantendu nahi dugu, eta ahal izango balitz jende gehiago batu lanak banatzeko. Ez dadin izan bakarrik udaletxean liberatuta nagoen ni, edo taldea osatzen duen boskote hori bakarrik, baizik eta herri bizi bat bilatzea.

Zein zailtasun aurreikusten dituzue?

Herri aktiboa bilatzeko horretan, zailtasun nagusia da jendeak horretarako denbora eduki nahi izatea, borondate hori bultzatzea. Gaur egun jendeak zaletasun asko ditu izan kirola, izan mendian pasatzen duen denbora… Eta garai batean zaletasuna gehiago zen militantzia, herrian gauzak egitea… Gaur egun sartuta gauden dinamika horri buelta ematea oso zaila da, baina pixka bat hausnarketa bultzatzea da erronka.

Horiez gain baliabide pertsonalen zailtasuna dago: herri txikietan jende gutxi daukagu lanean. Horren zailtasuna da hain baliabide gutxirekin nola egin herria bera ondo mantentzeko eta bizirik. Diruaren kontua ere hor dago, eta zentzu horretan aurrekontuen eta diru laguntzen plangintzak ondo egitea dagokigu; baina zailtasuna gure gehiago da ditugun baliabide pertsonal horiek ondo kudeatzea, horrekin asmatzea beti zailagoa izaten baita.

Zer du hobetzeko herriak?

Herri bat da, zeinak izan dituen herritar aktiboagoak edo herriari begira gehiago zeudenak; azkenaldian, agian, gutxiago gabiltza horretan. Ez da ikaztegietako kontua bakarrik, jakina, eskualde osoan nabaritzen da eta baita bertatik kanpo ere. Gauzak antolatzen baina gehiago gabiltza bezero edo zerbitzu jasotzaile bezala.

Aipatu behar da jendea martxan ere badagoela: Gaztematika programaren barruan iaztik dabiltza gazte batzuk eta festetan antolatu dituzte hainbat kontu. Pako Belea konpartsa ere hor dago: duela urte batzuk sortu zen eta oraintxe bertan zerbeza feria antolatu dute. Mugimendua badago, eta hori poztekoa eta zoriontzekoa da. Baina zerbait esatekotan esango nuke hor gabiltzala hankamotz, parte hartze horretan. 

Zer eskatuko zenieke ikaztegietarrei?

Aurrena pazientzia pixka bat. Joango gara gauzak egiten, baina konfiantza boto bat ere behar dugu lehenengo. Horrez gain eskatuko nieke herritarrak izateko: herrian egoteko, bizitza herrian egiteko, kalera ateratzeko… Horixe besterik ez.
Eskatuko nieke, baita ere, beldurrik gabe etortzeko eta kontatzeko herrian ikusten dituzten beharrak eta hutsuneak, udaletik zer egin daitekeen... Askotan ez ditugu gauzak jakiten edo urruti ikusten ditugu, eta jakin nahi ditugu. Asko eskertzen ditugu horrelako ekarpenak, beraz, zerbait ikusten badute hobetzeko etor daitezela eta gustura egingo dugu gure esku dagoena.

Erlazionatuak

Alba Garmendia, Ikaztegietako alkatea

Aitor Arroyo Askarai 2023 urr 11 Ikaztegieta

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!