Berritasunez beterikoak

Endika Apalategi Labayen 2023ko abu. 7a, 20:00

Abuztuaren 10ean, San Lorentzo egunetik hasi eta abuztuaren 12ra bitarte, jaietan murgilduko dira ikaztegietarrak. Aurtengo egitaraua hainbat berritasunekin dator, gazteek antolatutako postre apainketa lehiaketa eta Hi selfie lehiaketa izango dira.

San Lorentzo jaiak ospatzen dituzte Ikaztegietan eta aurten, eguna bera abiapuntu hartuta, hiru egunez festan ibiltzeko moduan izango dira.

Urtero bezala, festen jai batzordean lan egiten duten herritarrek antolatu dituzte ume, gazte, heldu eta erretirodunei begirakoak Ikaztegietako jaietan. Lehen egunean, txupinazoa lehertu ostean, Pako Belea konpartsaren kalejira eta txakolin dastaketa egingo dute. Arratsaldean, Jundajo txarangak hartuko du musikaren lekukoa, eta gauean, herri afaria egin ostean, Izer eta Alaiberrek girotuko dute gaua.

Bigarren egunean, umeei begirako egitaraua dute antolatuta. Umeentzako bazkaria, merienda, puzgarriak eta jolasak izango dira eguneko protagonista. Arratsaldean, herriko gazteek jai batzordean proposatutako postre apainketa lehiaketa egingo da. Eguna amaitzeko, herri afaria eta kontzertuak egingo dira.

Azken eguna, frontoi txikiko pilota txapelketako finalarekin hasiko da, eta 14:30ean kuadrilla bazkariaren txanda izango da. Bazkal ostean, nahi duenak mus txapelketan parte hartzeko aukera izango du, eta 17:00etan, gazteek jai batzordean proposatutako beste lehiaketa bat egingo da, Hi selfie hain zuzen ere.

Festa batzordeak adierazi duenez, «oso pozik» agertu dira «gazteek festa hauek antolatzerako garaian izan duten parte hartze eta borondatearekin». Etorkizunera begira ere, oso itxaropentsu agertu dira festa batzordeko kideak; izan ere, gazte jendea beharrezkoa izango dute datozen urteetako San Lorentzo jaiak antolatzen jarraitzeko.

Festa egunetarako oharrak

Ikaztegietako Udalak festen harira hainbat ohar helarazi nahi ditu, ahalik eta festa onenak atera daitezen.

Egiten diren bazkari eta afarietan erabilitako guztia txukun utzi, eta mahaiak eta aulkiak jasotzea eskatzen zaie herritarrei. Kuadrilla egunean, bakoitzak bere bazkaria prestatu beharko duela gogorarazi nahi die herritarrei, eta horretaz gain, ahalik eta plastiko gutxien sortzeko behin bakarrik erabili eta botatzeko diren baso, plater eta mahai-tresnak ez erabiltzea gomendatzen zaie ikaztegietarrei.

Bestalde, umeen egunean guraso bakoitza izango da bere seme-alaben arduradun. Patata tortilla lehiaketan, tortillak 20:30erako aurkeztu beharko dira. Eta azkenik, hondakin bilketari dagokionez, ohiko ordutegia mantenduko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!