Ikaztegietako Kutturrurentzat izan da Gipuzkoako Herri Txikietako Txapelketa

Ataria 2023ko ekainaren 19a

Ikaztegietako Kutturru taldearentzat izan da areto futboleko Gipuzkoako Herri Txikietako Txapelketa, joanekoan lortutako bi goleko aldeari esker. Itzulerakoan Aizarnazabalek lortu zuen garaipena, baina gol batez, eta ez zitzaion txapelketa irabazteko nahikoa izan. Bi partidetako emaitzak kontuan hartuta, Kutturru 11 Aizarnazabal 10 izan da emaitza.

Giro paregabean jokatu zen finaleko itzulera. Harmailak leporaino beteta, eta bi taldeak animatuz. Lehen ordu laurdenean Aizarnazabal jaun eta jabe izan zen, Ikaztegietakoen gainetik pasatuz, eta 15. minuturako 5-1 ari ziren irabazten. Ordurako finala iraulita zuten, eta bazirudien txapela etxean geratuko zela, baina atsedenera joan aurretik kanpokoek buelta eman eta bi gol sartu zituzten, finala berdinduz. Atsedenera 5-3 joan ziren.

Bigarren zatiaren hasieran etxekoek indartsu atera ziren, seigarren gola lortuz, baina Ikaztegietakoek beste gol batekin erantzun zuten, ondoren Xuban Exaberen gol batek 7-4koa jarri zuen. Berriro ere txapela etxean zegoen, baina Mohak kanporaketa berdintzea lortu zuen. Luzapena geroz eta gertuago ikusten zenean, Ruforen jaurtiketa Aizarnazabalgo jokalari batengan jo eta baloia barrura sartu zen, txapela Ikaztegietako bidean jarriz.

Ez zen gehiagorako betarik izan, eta helduen mailako lehenengo Herri Txikietako Txapelketa Ikaztegietara joan zen. «Dena dela, bi partidetan bizi izan den giroa nabarmendu beharra dago, ikaragarria izan baita, txapelketa honek jarraipena behar duela argi eta garbi ikusiz», azaldu dute txapelketaren bultzatzaileek.

Datuak

Aizarnazabal 7 - Kutturru 6

Aizarnazabal: Alvaro, Varela, X. Etxabe, Leon eta D. Etxabe –hasierako bostekoa–, Olaizola, Irizar, Diaz, Villar, Agirre, Alberdi eta O. Etxabe.

Kutturru: Gelbentzu, Aimar Murua, E. Murua, Rufo eta Moha –hasierako bostekoa–, Jauregi, Leunda, Arruabarrena, Escaño, Larrañaga eta Ander Murua.

Epailea: Iñaki Ayerdi. Etxekoen aldetik Varelak ikusi zuen txartel horia, eta kanpotarren aldetik, berriz, Jauregik eta Arruabarrenak.

Golak: Aizarnazabal: X.Etxabe (4), Varela (2) eta O. Etxabe. Kutturru: Rufo (3), Moha (2) eta E. Murua.

Gorabeherak: Leporaino bete zen Aizarnazabalgo Atari Soro pilotalekua. DJak eta bertsolariak alaitu zuten finala. Neurketa hasi aurretik Sagardoaren Txapelketa irabazi berri duen Beñat Segurola erremontistak omenaldia jaso zuen, ohorezko sakea eginez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!