Ikaztegietako Kutturru taldeak hartu du abantaila

Ataria 2023ko mai. 29a, 14:00

Ikaztegietako Kutturru taldeak bi goleko abantailarekin helduko dio ekainaren 16an Aizarnazabalen jokatuko den Gipuzkoako Herri Txikietako finaleko itzulerako partidari.

Areto futboleko Gipuzkoako Herri Txikietako Txapelketaren joaneko partida jokatu zen larunbatean Ikaztegietan, herriko Kutturru taldearen eta Aizarnazabal taldearen artean. Neurketa oso polita izan zen, eta ikusitakoaren arabera bietako edozeinek txapela lortu dezakeela argi geratu zen.
 
Aizarnazabal aurreratu zen 0-2, baina etxekoak neurketa berdindu eta 3-2 jarri ziren. Ondoren Aizarnazabalek partida berdindu zuen, baina gero Aimar Muruaren eta Moharen golek, 5-3koa utzi zuten markagailuan.
 
«Emaitzaz gain, bizitako giroa nabarmendu behar da, ikaragarria izan baitzen, eta bi taldeek emandako ikuskizuna ere oso ona», azaldu dute txapelketaren antolatzaileek. «Argi eta garbi geratu zen etorkizunean Herri Txikietako Liga bat behar dela, eta ahalegin bat egin behar dela talde gehiagorekin lehiaketa bat antolatzeko».
 
Datuak
Kutturru 5, Aizarnazabal 3
 
Kutturru: Gelbentzu, Leunda, Aimar Murua, Moha eta Larrañaga (hasierako bostekoa), Jauregi, Arruabarrena, Brahim, Escaño, Ander Murua eta Eneko Murua.
 
Aizarnazabal: Sanz, Irizar, Salama, Etxabe eta Leon (hasierako bostekoa), Varela, Olaizola, Agirre, Villar, Diaz eta Alberdi.
 
Epailea: Fernando Bartolome. Kutturru taldeko Aimar Muruak ikusi zuen txartel horia.
 
Golak: Kutturru: Aimar Murua (2), Larrañaga, Moha eta Brahim. Aizarnazabal: Irizar (2) eta Salama.
 
Gorabeherak: Sekulako giroa Ikaztegietako pilotalekuan, harmailak beteta bi taldeetako zaleak euren taldeak animatuz.
 
 

Kutturru taldea

Aizarnazabal taldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!