«Elkarlanean» lan egin nahi du Ikaztegietako EH Bilduk, «herri euskalduna eta multikulturala, parte hartzailea, feminista eta kohesionatua, eta gaztea eta heldua izan dadin». Alba Garmendia Castaños alkategaiak hala adierazi zuen atzo iluntzean egindako ekitaldian. «Gogo onez, indartsu eta giro onean» egingo dutela lan, osatu duen talde «langile, askotariko eta parekidearekin». Ekitaldian, Oria barrutiko EH Bilduren zerrendaburu den Laida Begiristainek ere hartu zuen parte.
Datozen lau urteetan, gazteak herrian bizitzen geratzeko hirigintza plana jarriko dute erdigunean. Hiru lursail zehaztu dituzte datorren agintaldian etxebizitzak eraikitzeko aukera gisa: ia herriko plazan bertan dagoen Villa Maria, Rufina Enea zegoen Ostatu atzeko lursaila eta Epak lantegi abandonatuan dagoen espazio zabala. Lehen pausoa hiru espazio horien artean egokiena aukeratzea izango dela esan zuen Garmendiak.
Ildo horretatik, Plan Orokorra berrikusi eta beharrezkoa balitz, egokitu egingo dutela ere esan zuen. «Gure helburua da etxebizitzak eraikitzeari esker, hala nahi duten herriko gazteak bertan bizitzen geratzeko aukera izatea, haur eskola eta eskola irekita mantentzea, zerbitzu gehiagotarako sarbidea izatea, funtsean, gure herri txikiak bizirik eta errotuta jarraitzea». Nabarmendu zuen Ikaztegietan dauden 205 etxetatik 46 hutsik daudela. «Etxe huts horiei bizitza emateko emateko moduak bilatuko ditugu».
Hirigintza planaz gain, energia komunitatea indartzen jarraitu nahi dute. «Herritarron kontsumo ohiturak aldatzen laguntzeko baliabideak eskaintzeko eta kontsumo taldeak zein baratzeetako elkartea sendotzeko konpromisoa hartzen dugu», gehitu zuen alkategaiak.
Kirol eta kultur eskaintza zabalarekin jarraituko dutela esan zuen, baita euskara erdigunean duen hizkuntza politikan sinesten dutela ere, emakume eta gizonen arteko berdintasuna kontuan izango dutela eta baita beste hainbat alor ere: Tolosaldeko osasun sistema publikoa bermatzea, kalitatezko garraio publikoa izatea, zahartzaro duina aldarrikatzea, etxebizitza eskubidea bermatzea, pentsio sistema bidezkoa lortzea eta erabakitzeko eskubidea izatea.