Kutturruk Aizarnazabalen aurka jokatuko du Herri Txikietako Gipuzkoako finala

Ataria 2023ko maiatzaren 22a

Argazkian Kutturru taldea, aurtengo denboraldiko partida bat hasi aurretik

Ikaztegietako taldeak larunbatean jokatuko du herriko pilotalekuan Herri Txikietako Areto Futboleko Gipuzkoako finaleko joaneko partida, 18:30ean hasita. Itzulerako norgehiagoka Aizarnazabalen jokatuko da, ekainaren 16an.

Hasiera batean liga bat jokatzeko asmoa baldin bazen ere, bi taldek bakarrik eman dute izena mutiletan (nesketan ez du inork eman), eta zuzenean finala jokatuko dute. Aurreneko aldiz jokatuko da txapelketa hau helduen mailan, baina espero dute datozen urteetan herri txiki gehiagok izena ematea, horrela liga bat sortuz, hori baita asmoa eta nahia.

Partida honek giro bikaina sortu du herrian, eta Ikaztegietako Pako Belea konpartsak ere parte hartuko du. Horretarako, 17.30etan batuko dira herriko plazan, ondoren denak kalejiran pilotalekura joateko. «Aizarnazabaletik ere espero da jendea, eta guztiak batuta giro bikaina espero da harmailetan, neurketa festa bihurtuz. Gainera, jatekorik eta edatekorik ez da faltako, etorkizunean oso txapelketa polita izan behar duenari bultzada emanez», adierazi dute Kutturru taldetik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!