Euskal Azoka, bertako eta gertuko produktuen bilgune

Irati Saizar Artola 2023ko api. 19a, 07:59
VI. Euskal Azokako argazkia, 2017an.

Larunbat honetan izango da VIII. Euskal Azoka, Ikaztegietan; 24 postu jarriko dituzte denera eta horietatik hiru herritarren eskutik izango dira.

Larunbat honetan VIII. Euskal Azoka egingo dute Ikaztegietan. Postuak goizean zehar jarriko dituzte, baina festa egun guztira zabaldu dute. 

Egunari 10:00etan emango diote hasiera, txupinazoa jaurtitzearekin batera. Jarraian, Pako Belea konpartsa sortu berriak kalejiran girotuko du herria. Manex Saez de Egilaz kultur zinegotziak esan duenez, helduen bi erraldoi eta haurren beste bi aterako dituzte konpartsakoek, dultzaineroen eta txistularien laguntzaz. 

Gainerakoan, 24 postu jarriko dituzte plazan, 14:00ak bitarte, eta nahi adina produktu erosteko aukera izango da: baserriko produktuak, landareak, edariak, janariak, artisau lanak, jantziak edota liburuak. «Askok errepikatu egingo dute, baina izango dira berriak ere», dio zinegotziak. Lehen aldiz hartuko dute parte, besteak beste, honakoek: Xabier Iturrioz zapatariak larruzko oinetakoak bertan egingo ditu jendeak nola egiten diren ikus ditzan; Lezaungo bodegakoek beraien ardoak eramango  dituzte; Sualma egurrezko jostailuak izango dira txikientzat; Oreka okindegiko elikagaiak erosteko aukera izango da, eta Felix Munduan proiektuak salgai jarri duen arropa bilduma berria ezagutzeko parada ere eskainiko du azokak. 

Kultura batzordetik herritarrei ere deialdia zabaltzen zaie postua jartzera animatu daitezen. Aurten, hiru herritarrek jarriko dituzte postuak. Onintza Lizarrak eskulanekin jarriko du postua, Uxue Benaventek kakorratz lanak jarriko ditu salgai, eta Mattin Jauregi herritarra izango da bestetik, Inaxio Arin tolosarrarekin batera martxan duen Balerdipeko erleak proiektuko elikagaiekin. 

Goizean zehar, Alegiako Aralar ikastetxeko ikasleak bertan izango dira, postu bat jarriko dute, pintxoak eta edaria eskaintzeko. «Ikasbidaiarako dirua lortzeko postua jarriko dute, eta momentuan jatekoaz gain, etxera eramateko gozoak ere eramango dituzte».  

Ezti ukituko menua

Egunari jarraipena bazkariarekin emango diete. Aurten, lehen aldiz, Balerdipeko erleek eskainiko dute bazkaria. «Aurrez catering zerbitzua ematen ibiliak direla eta proposamena egin ziguten bazkaria eskaintzeko; menu berezia izango da, plater guztiek izango dute eztiaren ukitu bat». Berrikuntzetako bat izango da hori ere, Saez de Egilazek esan duenez. 

Arratsaldean, Distopia elektrotxaranga izango dute, 18:00etatik aurrera. «Inguruko proiektuak lotzen saiatu gara, Blerdipeko erleekin egin bezala, Distopia elektrotxaranga ere herritar batek eta eskualdeko herritarrek osatzen dute, eta arratsaldea alaitzera datoz». Horrekin batera, Basabe garagardoen postua izango da goizean, eta arratsaldean barra zerbitzua jarriko du eta hiru garagardo mota ezberdin dastatzeko aukera izango da. 

Bi urtez behin egiten dute azoka Ikaztegietan, eta zortzigarrena izango dute honakoa. Azkena pandemia amaieran egin zuten eta oraingorako eguraldiari begira jarri dira: «Plazan egitea da asmoa; eguraldia asko okertuko balitza, kiroldegian egingo genuke». 

24 postu

  • Urretabizkaia lorategia
  • Argaia Goena haragiak
  • Larreta esnekiak
  • Zelaieta gaztak
  • Basabe garagardoak
  • Lixar euskal jantziak
  • Iara Azpitarte
  • Gerriko liburudenda
  • Joseba Goikoetxea
  • Agurtzane Alkaiaga
  • Izpiliku
  • Xabier Iturrioz zapataria
  • HYLE belarritakoak
  • Sualma egurrezko jostailuak
  • Balerdipeko erleak
  • Amesgile
  • Irati
  • Guregaltzerdiak
  • Lezaun bodega
  • Uxue Benavente kakorratz lanak
  • Onintza Lizarra eskulangintza
  • Lide Lertxundi belarritakoak
  • Oreka okindegia
  • Felix Munduan 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!