1936 eta 1945 urte artean Ikaztegietan gertatua ikertuko dute

Irati Saizar Artola 2023ko mar. 22a, 16:00

36ko gerran eta lehen frankismoan Ikaztegietan gertatutakoaren inguruan ikerketa egin nahi du udalak, Aranzadiren laguntzaz; herritarren testigantzak bildu nahi dituzte.

Oroimen historikoa lantzeko ikerketa bat abiatuko du Ikaztegietako Udalak, Aranzadi zientzia elkartearekin batera. 1936 eta 1945 urte artean, 36ko gerrak eta lehen frankismoak Ikaztegietan zer eragin izan zuen aztertu nahi dute. Horretarako, herritarrei dei egin diete, garai horien inguruko testigantzak, argazkiak edota dokumentazioak bildu ahal izateko. 

Javi Buces Aranzadi zientzia elkarteko kideak azaldu duenez, «ikerketaren helburua ez da batailak kontatzea, badakigu noiz sartu ziren faxistak Ikaztegietan edo Tolosan; gure helburua biktimei izen abizenak jartzea da».

Ikerketaren lehen fasean, historialariek artxiboetan bilaketak egingo dituztela kontatu du Adur Ibarguren zinegotziak, eta ondoren herritarren parte hartzea behar dutela: «Maiatzean, oroimen bulegoa irekiko dugu Ikaztegietan; Aranzadiko kide bat etorriko da astean behin, testigantzak jasotzera». 

Garai tarte hartatik denbora pasa denez, Ibargurenek esan du seguruenik ez dela egongo lehen pertsonan bizitutakoen testigantza zuzenik, baina zeharkakoak ere berdin-berdin balio dutela: «Senideen laguntza behar dugu horretarako; gurasoei edota senideei gertatuak edo kontatuak jasotzea aberasgarria izango da». 

Bucesek gehitu du errepresio mota guztiak ez daudela dokumentatuta, testigantzetatik soilik jaso daitezkeela batzuk: «Nolakoa zen Ikaztegietako bizitza lehen frankismoan? Euskararen kontua nola zegoen, emakumearen papera, estigmatizazio soziala... jaso nahi duguna ez da bakarrik tiro bat bota izana edo kartzelan egon izana. Ez badugu dokumentatzen, ez da existituko». 

«Nazioarte mailan beti esaten da egia, justizia eta erreparazioa behar direla, eta Aranzadiren lana egia jakitera mugatzen da», esan du Bucesek. 

Testigantza emateko deia

Edozein anekdota, dokumentu, argazki edo bestelakorik duten herritarrek oroimen bulegoa baliatu dezakete beraien informazioa eskaintzeko. Eta bestela, 943 466 142 zenbakira dei egin edo memoria@aranzadi.eus helbidera idatzi daiteke.  

Behin informazio guztia bilduta, guztia zein euskarritan jaso erabakiko dute; «izan daiteke liburu batean edo web orri batean», esan du zinegotziak. Ikerketa nola doan jakinarazteko bilera bat egingo dute urte amaieran. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!