Ostatua irisgarria izateko lanak egiten ari dira Ikaztegietan

Irati Saizar Artola 2023ko ots. 15a, 17:00

Ostatuaren irisgarritasuna bermatu, gimnasioa lekualdatu, frontoian LED sistema jarri eta beste hainbeste lan egiten ari da Ikaztegietako Udala.

Ikaztegietako Udala hirigintzari eta udal eraikinei lotutako hainbat lan egiten ari da azken aldian herrian. «Ez gaude geldirik», dio Bakarne Otegi alkateak. Lan horietako bat da ostatua irisgarria izateko egiten ari diren obra. 

Ikaztegietako Ostatuak esleipenean berarekin dakar taberna zerbitzua, denda zerbitzua eta logelen zerbitzua. Alkateak kontatu duenez, gaur egungo kudeatzailea logelen zerbitzua martxan jartzeko turismoan alta eman nahian hasi zen eta irisgarritasun baldintzak ez zirenez betetzen, ez zen posible izan aktibitate horri alta ematea.

Alta emateko, logelak irisgarriak izan behar zuten, eta horregatik, arrapala bat egiten ari dira eraikinaren atzeko aldetik. «Horrela, lau logeletatik bi irisgarriak izango dira», esan du. Ostatuak berak ere irisgarria izan behar du, eta sarreran eskailera batzuk dituela azaldu du Otegik. Beraz, jangelan dagoen leiho bat ate bihurtuko dute. «Betiko sarrera mantendu egingo da, baina beharra sortzen denean, beste ate bat egongo da irisgarritasuna bermatuko duena».

Behin logelen aktibitateari alta emanda, horiek legalki kudeatu ahal izateko ez dela eragozpenik izango jakinarazi du alkateak. 26.620 euroko kostua dute lanek eta 8.000 euroko diru laguntza jaso dute Eusko Jaurlaritzako Ereinetik.

Kiroldegian bi proiektu

Kiroldegian bi proiektu dituzte eskuartean, eta horietako bat egin dute dagoeneko: gimnasioa lekualdatu dute. Lehen, beheko solairuan zegoen kokatuta, «argi naturalik gabeko espazio batean», eta kiroldegiko goiko solairura pasatu dute; orain, kiroldegiko belardirako bistak ditu gimnasioak. Lekualdaketa egiteaz gain, muskulazioa lantzeko makina berriak ere erosi dituzte. Horrela, espazioa «osatuagoa» geratu dela dio alkateak, «ariketa mota ezberdinak egin ahal izateko».

Gimnasio berriaren gela egokitzeko lanek 33.500 euroko gastua suposatu die eta makina berriak 7.300 eurokoa. Gipuzkoako Foru Aldunditik 14.500 euro jaso dituztela kontatu du alkateak, orain gutxi kirol ekipamenduak hobetzeko atera zuen diru laguntza batetara aurkeztuta.

Horrekin batera, kiroldegian, frontoiko argiak LED sistemara pasako dituzte. Gaur egun dituztenak merkuriozkoak dira, eta beste pauso bat eman nahi zuen udalak: «Kale argiteria LED sistemara pasata geneukan, eta udal eraikinetan ere pixkana ari gara sistema horretara pasatzen, eta frontoiko argiak aldatzea dagokigu orain». 17.100 euro bideratu dituzte sistema aldaketa egitera.

Bestetik, asfaltatze lanak egin dituzte Larrunbe baserrira doan bidean. «Iaz eskatu genuen aldundira diru laguntza, baina ez ziguten laguntzarik esleitu. Beharrezkoa ikusten genuenez, bidea asfaltatu dugu eta 33.400 euro kosta zaigu».

Eskola leiho berriekin

Eskolako fatxada nagusiko leihoak berriak jarriko dituztela aurreratu du alkateak. Eskola berritu zenean, leiho horiek ez ziren aldatu, eta «zaharkitu» egin dira eta «isolamendua ez dute behar bezala betetzen». Beraz, leihoak aldatuko dituzte, eta aurrerantzean pertsianak ere izango dituzte leiho berriek. Lanek 18.000 euroko kostua izango dute; Eusko Jaurlaritzako Udalaguntza diru laguntzetara aurkeztuta daukate eta ebazpenaren zain daude. Aste Santuetako egunetan obrak egitea aurreikusi dute, eskola itxita dagoen bitartean.

Bestalde, Foru Aldundia eguzki panelak jartzen ari da eskolako eta udaletxeko teilatuetan, gero energia komunitatea sortzeko. Martxoa erdialdean bilera ireki bat egingo da horren berri eman eta komunitatea sortzeko prozesuaren berri emateko. Eguzki panelekin batera, udaletxe atzeko aparkamenduetan kotxe elektrikoak birkargatzeko puntua jarriko dute. 

Gazteei begira

Foru Aldundiarekin batera,  Gaztematika sailetik, nerabeekin aisia lantzeko programa pilotua abiatu dute, orain dela pare bat aste. Herriko nerabeentzat zuzendutako saioak dira, aisira begira. 

«Gauzak antolatzeko garaian hankamotz sentitzen ginen, azkenean, pertsonalik ere geneukan nerabe horientzako gauzak antolatzeko garaian, eta beraien beharrak ere ez genituen jasotzen behar bezala». Hori horrela, gazte hezitzaile bat izango dute herrian. Duela bi aste egin zuten aurkezpena, eta harrera «oso ona» izan zuela esan du Otegik, bai guraso eta baita nerabeen aldetik ere. «Lehen bilerara 10 familia eta 20 nerabe etorri ziren, eta ilusioarekin hartu zuten programaren berri». Astero-astero, bi orduko saioak izango dituzte 12 eta 15 urte bitarteko nerabeek. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!