ELKARRIZKETA

«Inauteriak asko bizitzen dituen herria da Ikaztegieta»

Leyre Carrasco 2023ko urt. 26a, 11:59

Aurrerantzean herria festa giroan murgilduko duen Pako Belea Konpartsa aurkeztuko dute Ikaztegietan; otsailaren 17an, Ostiral Mehean izango dute horretarako lehen hitzordua.

Erraldoi eta buruhandien konpartsa sortu zutenetik Ikaztegietan festarako gogoz daudela aitortu du Aitor Tello herritarrak. Badira urte batzuk eskualdean hain ospetsuak diren inauteriak ospatzen ez dituztela. Aurten, ordea, lehen aldiz antolatuko dituzte, eta otsailaren 17an, Ostiral Mehean izango dute horretarako hitzordua.

Nola iritsi zitzaizuen inauteriak antolatzeko proposamena?
Ikusi genuen gure herriak ere merezi zuela Tolosako inauterietako sei egunetako arratsalde-gau bat izatea festa ospatzeko. Inauterietako eguna ospatzearen ideia sortu berri dugun konpartsak bultzatu du, honek festa giro batean murgiltzeko aukera ematen digulako..

Pako Belea izango da konpartsaren izena. Nola sortu da?
Hasieran herrian gordeta geneuzkan erraldoi eta buruhandi batzuk atera genituen. Gutxi zirenez familia handitzea pentsatu genuen. Herriko haur eta helduen laguntzarekin musika talde bat osatu eta herriko konpartsa sortu genuen. Pako Belea konpartsa berria hortik jaio da, eta herriko buruhandi nagusietako bat bera izango da. Izan ere, bere garaian Pakok indar handia izan zuen herrian, eta hari indar gehiago emateko asmoz irudikatu nahi izan dugu bere irudia.

Nor izan zen, zehazki, Pako?
Urteetan herrian beste herritar bat bezalakoa izan zen bele bat zen Pako. Oso ezaguna izan zen Ikaztegietan, bele bezala bere bihurrikeriak egiten zituelako eta herri guztia ilusio horrekin mantentzen zuela iruditzen zait. Bere irudia Ikaztegietan presente geratu da geroztik.

Nola irudikatuko duzue bere figura?
Aurkezpen egunean ikusiko da hori, baina buruhandi bat sortu dugu Pakoren irudiarekin eta bera izango da konpartsaren buruhandi nagusia.

Zenbatek osatuko duzue konpartsa?
20-30 lagun inguruk osatuko dugu konpartsa, haur nahiz heldu. Konpartsa sortzearen beste helburuetako bat hori izan zen, adin desberdineko jendea elkartzea.

Beste ekimen batzuk ere izango dituzue. Zeintzuk?
Arratsalde-gau bat eskaini nahi genion festa honi. Beraz, honek izan duen indarra aprobetxatuz, festa 16:00etan hasiko da plazan egingo dugun txokolate jate batekin; ondoren, 16:30ean, Pako Belea konpartsaren aurkezpena izango dugu, eta bertan konpartsa osatuko duten pertsonaia guztiak aurkeztuko ditugu. Behin aurkezpena bukatuta, erraldoi eta buruhandien kalejira egingo dugu herrian zehar. Herritar guztiei mozorrotuta etortzeko deialdia egin zaie. Hala ere, nahikoa izango da detaile txiki bat jartzea, festaren partaide direla sentitzeko. 18:30ean mozorro-poteoa izango dugu herrian zehar, Jundajo txarangak alaituta.

Ostatuan ez ezik, plazan ere izango duzue horretarako lekua.
Hori da. Plazan biltegi bat dugu eta hori gainetik txukundu dugu, arratsalde horretan herritarrei taberna baten zerbitzua eskaintzeko. Beraz, jendeak ere alde batetik bestera ibiltzeko aukera izango du.

«Herri mailan ilusio handiarekin jaso zen, eta uste dut bultzada honek aurrera egingo duela»

Eta, egunarekin bukatzeko?
Herri-afaria egingo dugu kiroldegian. Eguraldi hotza egiten duela ikusita berogailuak jarriko ditugu. Hori bukatzean ostatuan DJ-a izango dugu 00:00etatik hasita goizaldera arte, eguna luzatu eta parranda egin nahi duenarentzat bertan geratzeko. Afarirako tiketak Ostatuan eta udaletxean izango dira salgai, otsailaren 11ra arte.

Inauteriak antolatzeko Ostiral Mehea aukeratu duzue. Zergatik egun hori?
Denon lehenengo aukera Tolosa izaten da normalean, eta Tolosako inauterietan indar gehien duten egunak osteguna, igandea, astelehena eta asteartea izaten dira. Nahiz eta ostiralean Tolosara joateko ohitura izan, egun horretan bertan zerbait egiteko tartea bazegoela ikusten zen. Nik beti esaten dudan bezala, jendea Tolosara joaten da herrian ez daukagulako ezer, eta beti izaten da errazagoa halako zerbait ospatzean herrian geratzea.

Nola jaso du herriak albiste hau?
Abuztuan erraldoi eta buruhandien konpartsa aurkeztu genuenean ilusio handiz jaso zuten. Herri mailan ilusio handia ikusi zen, eta uste dut bultzada honek ere aurrera egingo duela eta pixkana handitzen joango garela.

Zer dira inauteriak ikaztegietarrentzat?
Ni berez lazkaotarra naiz eta hemengoek ez dakit barru barrutik nola sentituko duten. Ikusi dudanaren arabera, inauteriak asko bizitzen duen herria da Ikaztegieta, eta, horregatik, pena handia ematen zidan inauterietako festarik ez ospatzeak.

Datozen urteetan errepikatzeko asmoarekin zaudete?
Bai. Azkenean, konpartsa sortzearen helburuetako bat ere hori izan baita; alegia, inauterietan ez ezik, urtean zehar egingo diren ekitaldietan parte hartzea. Aurrera begira beste zerbait egiteko asmoa dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!