Behobia-Donostiaren bezperetan dator Ikaztegietako Herri Krosa

Jon Miranda Labaien 2022ko aza. 2a, 07:58

Larunbatean 16:30etik aurrera egingo dute Herrigintza elkarteak antolatutako lasterketa. Aurrez eman beharko dute izena korrikalariek Herrikrosa.eus webgunean.

Larunbatean 16:30etik aurrera ospatuko da Ikaztegietako XXXI. Herri Krosa, Herrigintza elkarteak antolatuta. Lasterketa herrikoia da eta parte hartzaileei gertutasun hori bermatzen saiatzen direla dio Xabat Ibarguren antolatzaile taldeko kideak: «Ikaztegietarentzat oso egun polita da eta ekitaldia antolatzen jartzen dugun ilusioak iraunarazi du krosa hainbeste urtetan». 
Joxe Mari Garmendia herritarrak abiatu zuen bidea eta bakar-bakarrik antolatu zuen karrera urte askoan. Duela sei urtetik hona, bospasei lagunez osatutako taldetxoa dabil Garmendiarekin batera krosa antolatzen. «Uda bukaeran hasten gara gu dena prestatzen, baina eguna gerturatu ahala jende gehiago batzen zaigu. Elkarteko bazkide diren 30-40 lagun inguru ariko dira lanean larunbatean, bidegurutzeak kontrolatu eta hamaiketakoa prestatzen», dio Ibargurenek.

Ez da erraza, ordea, herri lasterketa txikiei eustea hainbeste kirol proba antolatzen diren garaian. «Geroz eta ekitaldi gehiago egiten dira eta jendea batean eta bestean banatzen da. Lasterketa batzuk prestigioa hartzen dute eta zoritxarrez itzalean geratzen dira beste asko. Guri garrantzitsua iruditzen zaigu gurea bezalako lasterketa herrikoiei eustea». Data erabakitzeko orduan ere saiatzen dira antolatzaileak eurenak beste kirol probaren batekin bat egin ez dezan. Besteak beste, horregatik aukeratu dute larunbat arratsaldea aurtengorako.

Behobiarako prestaketa
Parte hartzaile kopuruan ere nabaritu dute beherakada Ikaztegietako Herri Krosean. Gogoan dauzkate 150 korrikalari baino gehiago izandako urteak, baina azkenaldian 80 lasterkariren bueltan dabiltza. Aurten apustu txiki bat egin eta proba aurreratzearen alde egin dute antolatzaileek: «Behobia-Donostia lasterketaren ondorengo asteburuan antolatu izan dugu azkeneko urteetan, baina ikusten genuen jende asko lasterketa horretarako asko prestatu eta behin bukatu eta gero, nekatuta, ez duela karrera gehiagotan parte hartzeko gogo handirik izaten. Aurten, Behobia-Donostia baino astebete lehenago antolatzea erabaki dugu, azkeneko kalitatezko entrenamendu bat egin nahi duenak ere aukera izan dezan. Ikusiko dugu zein fruitu ematen dituen gure apustu txiki honek».

Hamar kilometro
Hamar kilometroko ibilbidea egin beharko dute korrikalariek, prestatutako zirkuituari hiru itzuli emanez. Herrigunetik behin baino gehiagotan pasako dira parte hartzaileak, eta Ibargurenen esanetan, ikusteko ere lasterketa polita da Ikaztegietakoa. «Beti dago nor animatu». 

Gizonezkoetan eta emakumezkoetan lehen hiru sailkatuek sariak izango dituzte, baita lehenengo beteranoek eta lehenengo ikaztegietarrek ere. Lasterkari azkarrenek 32 minuturen bueltan egiten dute krosa. «Oso lasterketa azkarra bihurtu da, eta hori ikusita, karrera egiten 45 minutu baino gehiago pasatzen dutenen artean ere sariak banatzea pentsatu dugu. Kutsu herrikoi hori gal ez dadin egin dugu. Helmugara azkar ez iristeagatik ez dugu jendea izena eman gabe atzean geratzerik nahi», aipatu du Ibargurenek.

Izen emateak dagoeneko zabalik daude 10 euroren truke Herrikrosa.eus webgunean. Antolatzaileek nahiago dute aurrez izena ematea, baina azken unean erabakitzen dutenek ere izango dute horretarako aukera, larunbatean bertan kiroldegian 15:00ak arte. Ohi bezala, krosa behar bezala bukatzeko, parte hartzaile guztiek merienda izango dute helmugan. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!