Gau beltzaren bueltako ekitaldiak antolatu dituzte

Ataria 2022ko urriaren 25a

Ikaztegietako Kultura batzordeak Gau Beltzari lotuta Kalabaza tailerra antolatu du, eta Gau Beltza ospatzera Baliarrainera gonbidatu dituzte.

Ikaztegietako Kultura batzordeak Baliarraingo herritarrengandik gonbidapen berezia jaso duela iragarri du. Badira urte batzuk Gau Beltza ospatzen hasi zirela Baliarrainen, eta aurtengoan ikaztegietarrei bertaratzeko gonbita egin diete, "denon artean ospatu dezagun gau berezi hau".

Girotzen hasteko, hilaren 28an, ostiralean, 17:30ean, Kalabaza tailerra egingo dute Ikaztegietako udal aretoan. Hori bai, parte hartu nahi dutenek beraiek eraman beharko dute kalabaza eta baita bera lantzeko erabili beharreko materiala ere. 

Behin kalabazak prestatuta eta Gau Beltza ospatzeko moduan izanda, Baliarrainen ospatuko duten Gau Beltzan parte hartzera gonbidatu dituzte ikaztegietarrak. Urriak 31 astelehena izango da, eta 18:00etan Baliarraingo plazan elkartuko dira. 19:00etan, berriz, etxez etxe puska biltzen hasiko dira, eta ondoren etorriko litzateke beldur erretzea. 

Ostean, eta etxez etxe bildutakoarekin afaria egingo dute parte hartzaileek. Behin tripa beteta, herrian zehar beldur ibilbidea egingo dute. 

Eguna behar bezala antolatu ahal izateko, parte hartu nahi duten ikaztegietarrek izena eman beharko dute udaletxean. Apuntatzeko azken eguna urriaren 27a izango da. 

Helduentzako ipuin kontaketa

Aldiz, behin Gau Beltza pasata, azaroaren 4an, ostiralean, Kontuak eta komeriak helduentzako ipuin kontaketa izango da Ikaztegietan, Monika Arratibel Goñiren eskutik. 19:00etan hasiko da udaletxeko areto nagusian.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!