Oroimen tailerra eta Tipi-Tapa ekimena martxan jarri nahi ditu Ikaztegietako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2022ko ira. 27a, 10:30

Adinekoak etxetik atera eta elkarrekin harremanak izatera bultzatu nahi ditu Ikaztegietako Udalak. Urriarekin batera hasi nahi du Ikaztegieta Tipi-Tapa ekimenarekin eta Oroimen tailerrarekin, baina horretarako parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute. 

Ariketa fisikoa egitera bultzatzea eta elkarren arteko harremanak sustatzea du helburu, besteak beste, Ikaztegieta Tipi-Tapa ekimenak, eta urriaren 6an emango diote hasiera 2022-2023 denboraldiari. Ostegunero elkartuko dira, eta 10:00etan izango dute irteera ordua, udaletxe azpitik.

Ekimenean, adin talde ezberdinei egokituriko ibilbideak egingo direla eman dute jakitera. Gutxi gorabehera ordubete inguruko ibilalditxoa egin ostean, kafe baten bueltan herriko Ostatuan solasaldia egiteko aukera izango dute. Tipi-Tapan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute udaletxean, eta hilaren 29a izango da horretarako azken eguna. Herritarrak parte hartzera animatu dituzte udaletik.

Oroimen tailerra

Jada urte batzuk badira Oroimen tailerra martxan jarri zutela, eta aurreko urteetan bezala, ikasturte honetan ere herrian Oroimen tailerra izango da. Saioak euskaraz izango dira, astearteetan eta ostegunetan 16:00etatik 18:00etara. Udaletxe azpiko aretoan elkartuko dira, eta tailerrean elkarren arteko harremanak bultzatzeaz gain, oroimen maila, gaitasun intelektuala, autonomia eta ongizatea hobetzeko lanketa egingo dute. Memoria estrategia eta teknikak ere erakusten dizkiete.

Ekimena aurrera eraman ahal izateko gutxieneko taldea behar dela adierazi dute udaletik, eta izena ematea beharrezkoa dela hilaren 29a bitarte, udaletxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!