Harrera beroa egin diote Sultana Jaya ekintzaile sahararrari Ikaztegietan

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko ira. 23a, 19:15

Ikaztegietan izan da Sultana Jaya ekintzaile sahararra. Euskal Herrian dabil, eta Ordizian hitzaldia eskaini eta gero Ikaztegietako saharar familia baten etxean afaldu zuen, atzo. Tolosaldera etorri dela eta, Ikaztegietako udalak eta herriak harrera egin zioten, eta bertan izan ziren Tolosaldea Sahararekin elkarteko ordezkariak ere. 

Irrintzi eta txalo artean sartu zen Sultana Jaya Ikaztegietako udaletxeko aretora. Herritar ugari zituen zain, eta ongi etorria eman zion Bakarne Otegi alkateak lore sorta batekin. "Oso harro gaude hemen zaudelako", esan zion. "Sahararren egoera oso gertutik jarraitzen dugu, eta jakinaren gainean gaude zein den zuen borroka, eta zuek askatasuna lortzen duzuen gu ere aske sentituko gara", adierazi zuen.

Jayak bai Otegi alkateari eta baita Ikaztegietako herriari ere eskerrak eman zizkion. Emakume eta saharar moduan "oso harro" dagoela adierazi zuen, egiten ari den "borroka duina aurrera eramateagatik". Egoera "latz horretan" dagoen saharar bakarra ez dela azpimarratu zuen Jayak, eta bera moduan beste hainbat eta hainbat saharar daudela eman zuen aditzera. "Familia bereko kideak banatuta gaude, Mendebaldeko Sahara okupatuan eta errefuxiatuen kanpalekuetan". 

Euskal Herriari eskerrak eman nahi izan zizkion "bere postura politikoagatik eta saharar gatazkarekin konpromisoa izateagatik". "Ez da atzoko kontua, eta hasierako momentutik gaur arte Euskal Herria gurekin egon den herrialde bat izan da, eta hori eskertzekoa da".  

Jarraian, Uxue Larrea eta Pili Lazkanok agurra dantzatu zien. Saharar emakumeak egiten ari diren borrokan jarri zuten azpimarra. Ekitaldiari bukaera irrintzi, txalo eta "Sahara askatu!" oihukatuz eman zitzaion.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!