Herriko haurrek txakur kakak jaso egin behar direla eskatzen dute

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko maiatzaren 23a

Ikaztegietako Udalak eta Herri Eskolako haurrek elkarlanean egin eta jarri dituzte txakur kakak jaso egin behar direla dioten kartelak. Herrian zehar haurrek egindako bederatzi kartel jarri dituzte.

Ikaztegietako eskolako haurrek txakur kakak jasotzeko mezuak dituzten kartelak egin eta kokatu dituzte gaur herriko leku ezberdinetan. Ikaztegietako Udalak herriko eskolako haurrengandik jasotako mezuari erantzunez egin du herrira begirako ekimena. Udalarekin batera, zozketa bidez egokitu zaien ikasleak izan dira herriko berdegune ezberdinetan kartelak jarri dituztenak.

Txakurren kakak bertan uzten dituzten txakur jabeak kontzientziatzea nahi du Ikaztegietako Udalak. Eremu berdeak, batik bat, umeek erabiltzen dituztenak "garbi behar ditugula", esan du Bakarne Otegi alkateak. Haurren kexari erantzunez, eskolan gaia lantzeko eskatu zieten, eta kartel batzuk egin dituzte ikasleek taldeka banatuta. Guztira bederatzi kartela ezberdin egin dituzte, baina guztiek mezu bera dute: txakur kakak jaso egin behar direla. 

Udalak kartelak herrian barrena kokatzeko prestatu ditu, eta kartel horiek jartzen ere haurrek parte hartzea nahi izan du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!