Irakurle feministek elkartzeko aukera dute

Tolosaldeko Ataria 2022ko mai. 17a, 07:59

Ikaztegietan izango da Tolosaldeko Irakurketa Feminista Taldeen II. Topaketa, hilaren 28an; egun osoko egitaraua antolatu dute.

Tolosaldeko Irakurketa Feminista Taldeen II. Topaketa egingo dute, hilaren 28an, Ikaztegietan. Iaz Altzon egin zuten, eta aurten, Ikaztegietako Irakurketa Taldeari egokitu zaio bigarren topaketa antolatzea. Udalaren laguntzarekin batera, egun osoko egitaraua prestatu dute.

Iaz Altzotik jaso zuten gonbidapena Ikaztegietako irakurle taldekoek, eta Kattalin Miner gidari denez, aurten Ikaztegietako taldeari iritsi zaio antolatzeko ardura. «Pilota pasa zigun Kattalinek, hartu egin genuen, eta hilaren 28rako antolatu dugu topaketa», azaldu du taldeko Glori Castañosek.

Irakurketa feministak egiten diren edozein herritako irakurlek du topaketan parte hartzeko aukera. Goizeko edo arratsaldeko ekimenetan parte hartu nahi duen Tolosaldeko edozeinek izena eman beharko du irakurketafeministak@gmail.com helbide elektronikora idatzita: «Guztiak ongietorriak izango dira».

11:30ean herriko plazan elkartuko dira, eta talde txikietan eta guztiek batera ere elkarbanatuko dituzte bizipenak. Ahizpatasuna izango dute hizketarako gaia, eta Minerrek eramango ditu testu zati ezberdinak.

Altzon egin moduan, Ikaztegietan ere, bertaratzen direnei, emakume idazle batek idatzitako liburua eramateko eskatzen diete, gero egunean bertan beste batekin trukatu ahal izateko. Testu zati batean zergatik aukeratu duen liburu hori zehaztu beharko du bakoitzak, eta egunaren amaieran,opari batekin, hau da, beste liburu batekin etxeratuko dira parte hartzaileak.

Guztiek batera bazkalduko dute; norberak etxetik eramanda edota bertan ogitartekoak eskatuta. Arratsaldean, aldiz, bertso saio literarioaz gozatzeko aukera izango dute Akizu, Arana eta Alkaiza bertsolariekin.

BIZIPENAK PARTEKATUZ

Ikaztegietan duela bi urte hasi ziren irakurketa feminista taldearekin, eta ikasturte berrian ere jarraitzeko asmoz daudela aurreratu du Sonia Plaza taldeko kideak.

Bi hilabetez behin egiten dute hitzordua, eta adin ezberdineko hamar bat emakume elkartzen dira. Taldea irekia dela nabarmendu dute. Minerrek gidatzen ditu saioak, «saio oso aktiboak izaten dira eta interesanteena beharbada da, oso barrutik hitz egiten dugula guztiok», zehaztu du Castañosek. Bizipenak partekatu eta liburuekin lotzen dituzte: «Liburuak aztertzen ditugu gure bizitzarekin batera».

EGITARAUA
  • Maiatzak 28, larunbata
    • 11:30. Irakurketa feminista taldeen topaketa. Kattalin Minerren gidaritzapean.
    • 14:00. Bazkaria. Norberak bere etxetik ekarrita edo goizean ogitartekoak eskatzeko aukera zabalduko da.
    • 17:00. Bertso saio literarioa. Bertsolariak: Maialen Akizu, Oihana Arana, eta Saioa Alkaiza. Gai jartzailea: Ainhoa Urien.
    • Oharra. Emakume batek idatzitako liburu bat eraman beharko da trukea egin ahal izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!