Sendabelarren ikastaroa egin nahi duenak izena eman beharko du

Ataria 2022ko maiatzaren 12a

Hilaren 21ean Ainitze Sala Insaustik sendabelarren gaineko ikastaroa eskainiko du, Ikaztegietan. Interesatuek asteartea baino lehen eman beharko dute izena udaletxean, eta bost euro ordaindu beharko du pertsona bakoitzak.

Ikaztegietako Kultura batzordeak bigarren sendabelarren ikastaroa antolatu du, hilaren 21erako. Kasu honetan, Ainitze Sala Insaustiren eskutik herrian bertan dituzten sendabelarrak ezagutzeko aukera izango dute ikaztegietarrek. Sendabelarrak ezagutzeaz gain, beraiek nola erabili ikasiko dute.

10:00etan elkartuko dira, eta ezer baino lehen, herriko zubitik abiatuta ibilaldia egingo dute inguruko sendabelarrak identifikatuz eta bilduz. Ondoren, ukenduak egingo dituzte udaletxeko areto nagusian.

Interesatuek izena eman beharko dute udaletxean, eta horretarako azken eguna hilaren 17a, asteartea, da. Izena ematearekin batera pertsona bakoitzak bost euro ordaindu beharko du. Kultura batzordetik adierazi dutenez lehentasuna herritarrek izango dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!