Material naturalak erabiliz bi jolas eremu sortu dituzte

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko mar. 31a, 07:59

Ikaztegietako Udalak herriko haur eta erabiltzaileekin lanketa egin du parkeen proiektua gauzatzeko; aurten 609.000 euroko aurrekontua du.

Aste gutxi pasa dira herriko haurrek jolaserako eremu berriak dituztenetik Ikaztegietan. Udalak bi jolas eremu berri sortu ditu material naturalak erabiliz. Parke bat udaletxearen aurrean kokatzen da, eta bestea, berriz, kiroldegiko zelaian.

Ikaztegietako Udalak 608.953,11 euroko aurrekontua du aurtengorako. Iazkoarekin alderatuz gero, %4,2ko igoera izan du, eta Udalen Foru Funtsetik %8 gehiago jasotzea aurreikusten dute. Iaz 394.054 euro jaso bazituzten, aurten 425.944 euro jasoko dituzte.

Urte hasierak herriko haurrak izan ditu protagonista. Umeek dituzten behar ezberdinak aztertu dituzte bi jolas eremu naturalak sortzeko. Eskolako eremuan hondar eremu bat jarri dute adin txikikoei begira, eta kiroldegiko eremuan, berriz, haur helduagoei begirako jolas eremua egin dute. Kiroldegiko jolas eremuarekin, osotasun bat eman diote lehendik egina zuten kirol esparruari. «Proiektu honekin bukatutzat ematen ditugu kiroldegiko zelaiko lanak», azaldu du Bakarne Otegi alkateak.



Naturak ematen dituen lehengaiekin eginiko parkeak dira: egurra, harri xehea, hondarra,... «Udalak Kimu bat enpresarekin proposamen bat landu zuen, eta gero bilera ireki bat egin zen herriko ume eta erabiltzaileekin», kontatu du Otegik. Bertan haurrek proposamen ezberdinak egin zituztela zehaztu du; «horiek txertatu ditugu, eta ondorioz, hasierako proiektuak aldaketak izan ditu».

40.000 euro inguruko kostua izan du, eta Ikaztegietako Udalak diru laguntza lortu du bi jolas parkeetarako, gastuaren %31 finantzatzea lortuz.

Horrez gain, udal ordezkariek kiroldegiko esparru guztiari bukaera bere osotasunean eman nahi izan diote, eta bizikletak garbitu edota konpontzeko gunea prestatu dute herritarren eskaerei erantzunez. «Bizikletak garbitzeko gune bat jarri da bi ur txorrotekin, eta bizikletak konpontzeko gune bat ere jarri dugu», esan du Otegik.

Espazio berri horretan bizikletak heltzeko bi euskarri eta presio handiko bi mangera jarri dituzte. Garbitzeaz gain, konponketak egin ahal izateko bestelako erremintak ere egongo dira erabiltzaileen eskura. Erabiltzaileei eta herritarrei dagokiela gunea «ondo zaintzea» adierazi dute udaletik, eta «erabili ondoren eremua garbi uztea, ur txorrotak ondo ixtea eta material guztia behar bezala jasota uztea», eskatu dute.

Bukatzeko, kiroldegiko aparkalekutik parkera jaisteko malda handia dagoela eta, irisgarritasuna hotzeko baranda bat jarri dute herritar guztiak eroso jaitsi daitezen.

Urteroko dinamikarekin jarraituz herri bideak txukun mantentzen jarraitzea buruan dutela esan du alkateak. Urtero begiratzen dituzte herrian dituzte bide ezberdinak, beharren arabera ari dira asfaltatzen, eta aurten ere herri bideren bat asfaltatzea erabakiko dute.

Horrez gain, jada kiroldegiko gimnasioa martxan jarri zela urte batzuk pasa dira, eta aurten inbertsio batzuk egingo dituzte makina berriak jarriz. Kiroldegiko arduraduna eta kirol zinegotzia ari dira aztertzen.

KULTURA ETA FESTAK

Herriko festak antolatzen hasita daude Ikaztegietan, eta urtean zehar ere kulturari garrantzia ematen diote. Kultur ekitaldiak eskaintzeko 4.000 euroko diru laguntza ere lortu du udalak. Formatu txikiko kultur ekitaldiak programatzeko Gipuzkoako 2.500 biztanlez beherako udalei zuzendutako diru laguntza da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol departamenduak emana.

Bestalde, herria bizi mantentzeko, COVID-19ak geldiarazi zituenak martxan jarriak dituzte, esaterako, adinekoei begirako Memoria Tailerra eta Tipi-Tapa.

HERRI BARATZEA MARTXAN JARTZERA DOAZ

Ikaztegietako Udalak duela bost urte jarri zuen martxan herri baratzea. Iaz amaitu zen lur sailaren jabearekin bost urterako egina zuen kontratua, eta orain, berriz ere martxan jartzera doaz. Lur jabearekin adostasunarena iritsi ostean, eta atzo eginiko batzarrean gaia onartu eta gero, udalak beste bost urterako alokatuko du lur saila eta herritarren eskura jarriko du.

Herri baratzean hamabost lur zati dituzte, eta hutsetik hasiko dira. Hori horrela, izen ematea irekiko dute interesa duten herritarrek izena eman dezaten. Erabiltzaile bakoitzak udalarekin egingo du kontratua, eta urtean 50 euroko alokairua ordaindu beharko du. Baratze Parke Sarean jarraituko du Ikaztegietako herri baratzeak, eta ikastaroak izango dira erabiltzaileentzat eta Furgobaratza zerbitzua ere jasoko dute. Behin izena ematea bukatzen denean, interesa dutenen artean zozketa bidez banatuko dituzte lur zatiak.

2022 AURREKONTUA

SARRERAK                           KOPURUA

Zuzeneko zergak                              110.022
Zeharkako zergak                               2.000
Tasak- bestelako sarrerak                39.101
Ondare sarrerak                                  1.600
 
GASTUAK                                 KOPURUA

Pertsonal gastuak                               238.623
Ondasun arrunt eta zerbitzuetan     19.298
Finantza gastuak                                    1.300
Transferentzia arruntak                    116.829
Inbertsio errealak                                23.902

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!