Apirilaren 1etik aurrera aldaketak, Ikaztegietako hondakin bilketan

Tolosaldeko Ataria 2022ko mar. 28a, 19:59
2014. urtean atez atekoa martxan jarri aurreko irudia.

Herritarrek hondakinak behar bezala sailkatzen «ikasi» dutela eta, Ikaztegietako Udalak atez ateko hondakin bilketan aldaketak egingo ditu. Zalantzak argitzeko bilera irekia egingo dute bihar.

Ikaztegietako Udalak atez ateko hondakin bilketa sisteman aldaketak egingo ditu ostiraletik aurrera. Bilketa sistemaren gastua murriztea du helburu udalak.

2014ko urte hasieran jarri zuten martxan atez ateko sistema, eta Alegiarekin batera eskualdeko bilketa daturik «onenak» izan dituztela esan dute udaletik. «Garbi geratu da, bilketa honekin, ikaztegietarrok, birziklatze ohitura onak hartu ditugula, eta hemendik aurrera ere gure erronka horri eustea izango da», adierazi dute. «Atez atekoak herritarrok hondakinak ahalik eta ondoen birziklatzea zuen helburu, eta lortu dugu», azpimarratu dute. Ikaztegietarrak ingurugiroaren alde egin duten lanagatik zoriondu ditu udalak: «Eredugarriak izan gara Tolosaldeako Mankomunitateko datuetan».

Behin bereizketa ohitura onak hartuta dituztela, «aldaketa txikiekin ekonomikoki hondakinen bilketa sistemaren gastua txikitzen hasteko momentua izan daitekeela ikusi dugu», gaineratu dute. Hori horrela, bilketa mistoa deritzona martxan jartzea erabaki dute. Orain arteko bilketa sistemaren gastua 76.025 eurokoa zela zehaztu dute udaletik. Orain bilketan aldaketa egitea proposatzen dute, eta bilketa mistoarekin, gastua murriztu egingo litzatekeela adierazi dute. Hain justu, 63.282 euroko kostua izango duela aurreikusi dute.

Organikoa eta errefusa gaur egungo sisteman mantenduko dituzte, hau da, atez ate jaso dituzte. Astearte, ostiral eta igandeetan bilduko da; errefusa, aldiz, larunbatetan. Ontzi arinak eta papera, berriz, alboko kargako edukiontzien bidez bilduko dute, eta edozein egunetan atera ahalko dira. Edukiontzi horiek herriko bost gunetan jarriko dituzte: udaletxearen ondoan, kiroldegiko aparkalekuan, Aiutu Gain etxearen parean, Zubiaurreko aparkalekuan eta Tomas-Eneako gunearen ondoan. Pardelak eta higiene hondakinak atez atekoa dagoen egun guztietan bilduko dela jakinarazi dute.


Zalantzak argitzeko bilera
Bilketa sisteman ez dela aldaketa handirik egingo aurreratu dute udaletik, baina herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitu ahal izateko bilera ireki bat egingo dute. 

Bihar, hilak 29, udaletxeko areto nagusian egingo dute bilera irekia, eta zalantzak dituen edozein herritar gerturatu daiteke bertara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!