Udaberriko kultur menua prestatu dute

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko mar. 15a, 07:58

Ikaztegietako Kultura batzordeak ‘Udaberriko karta’ zabaldu du; literatura tarteko, ikastaroak eta ikuskizunak izango dira datozen asteetan.  

Ikaztegietako Kultura batzordeak Ikaztegietako Kultura Jatetxea. Udaberriko karta antolatu du. Martxoaren 8ko ekitaldiekin hasitako egitarauak jarraipena izango du ekainaren 24ko San Joan sua egin bitarte.

Kultur ekitaldiek datozen asteetan hutsik egingo ez badute ere, herriko San Lorentzo Festak kolokan daude. Festak antolatzen hasteko lehen deialdiak arrakastarik ez zuela izan eta, bigarren deialdia egin dute ostiralerako. Hilaren 18an, 18:30ean, beste bilera bat egingo dute eta bertan erabakiko dute aurtengo festak antolatu edo ez.

Kultur ekitaldien jarraipena, hilaren 25eko oinarrizko lehen laguntzaren bigarren saio praktikoarekin egingo dute. Hamabost egunera, berriz, 22. Korrika pasako da herritik, eta datozen egunetan zehaztuko dute egunerako antolatuko duten egitaraua.

Hortik aurrera, irakurle taldeak urteko bigarren hitzordua izango du, eta literaturari lotuta, iaz Altzon antolatu zuten Emakume Irakurleen Topaketa hartuko du Ikaztegietak, maiatzaren 28an.

Ikus-entzunezko proiekzioa, dantza ikuskizuna, sendabelar ikastaroa edota bertso ikuskizuna ere izango dira.

UKRAINARAKO MATERIALA

Aste honetan, ostirala bitartean, ukrainarrentzat produktu bilketa egingo dute eskolan eta udaletxean. Lehen sorospenerako materiala (botikinak, gasak, bendak...); higiene pertsonal eta orokorrerakoa (higiene produktuak, higiene kit-a, xaboia, bizar xaflak, hortzetako pasta eta zepiloak, fardelak, konpresak...); komunikazio babeserako (GSM irratia, walkie talkie) elikadura (iraungitze data luzea dutenak) edota haur txikientzat jostailuak eta aulkiak... jasoko dituzte.

IKAZTEGIETAKO KULTURA JATETXEA. UDABERRIKO KARTA

Martxoak 25, ostirala
18:30. Oinarrizko lehen laguntza II. Saio praktikoa Maider Gonzalez (Gurutze Gorria) herritarraren eskutik, erabilera anitzeko aretoan.

Apirilak 8, ostirala
22. Korrika 21:00ak aldera pasako da. Eguna gerturatu ahala, arratsaldean zehar ekitaldiak antolatuko dira.

Apirilak 12, asteartea
18:30. Irakurle Taldeak Alaine Agirreren Karena liburua aztertuko du, Kattalin Minerren gidaritzapean, udal liburutegian.

Apirilak 29, ostirala
18:30. Pamir, distantziak ikus-entzunezkoaren proiekzioa izango da erabilera anitzeko aretoan. Joseba Iztueta alpinista eta dokumentalaren egilea bertan izango dira.

Maiatzak 7, larunbata
19:00. genEroa dantza ikuskizuna, Kimua dantza kolektiboaren eskutik, plazan.

Maiatzak 21, larunbata
10:00. II. Sendabelar ikastaroa. Herrian ibilaldia egingo da inguruko sendabelarrak ezagutzeko eta biltzeko eta, ondoren, ukenduak egingo dira. Herriko zubitik abiatuko da ibilaldia. Ukenduak erabilera anitzeko aretoan egingo dira.

Maiatzak 28, larunbata
18:30. Emakume irakurleen II. Topaketa, egun osoan zehar. Egitaraua aurrerago zehaztuko da.

Ekainak 23, osteguna
19:00. Erre, aldarri bat bertsoz ikuskizuna ikusteko aukera izango da, kiroldegian.
21:00. Zahagiardoa egingo dute, eta San Joan sua, plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!