M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2022

Aldarrikapena eta umorea uztartuz afaltzeko elkartuko dira, Ikaztegietan

Ataria 2022ko martxoaren 3a

Ikaztegietako Udalak ere Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira ekitaldiak antolatu ditu. Elkarretaratzeaz gain, emakumeen afaria eta bakarrizketa izango dira.

Euskal Herriko Mugimendu Feministaren deialdiarekin bat eginez, Ikaztegietako Udaleko Kultura batzordeak elkarretaratzea egingo du herriko plazan, 18:00etan,  Zapaltzen gaituen sistemari sua, antolakuntza feminista gure garra lelopean. Ostean,  19:00tan Tolosako Triangulo plazan egingo den eskualdeko deialdira batzeko deia luzatu dute.

Aldarrikapenez gain, emakumeak batzeko aukera aprobetxatuz afaria antolatu dute Ostatuan. Emakumeen eguneko afaria egingo dute hilaren 11n, 21:00etan, Ostatuan. Afaltzera joan nahi duten emakumeek izena eman beharko dute hilaren 9a baino lehen, Ostatuan bertan. Entsalada, fritoak, haragia edo arraina, postrea, kafea eta edaria barne, 20 euro ordaindu beharko da.

Afariaren aurretik, ordea, Luze edo motz binakako bakarrizketa ikusteko aukera izango da, udaletxeko areto nagusian, Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai umoregileen eskutik. Ikuskizun honetan generoa hartuko dute umore gai, gure gizartea zertan luze eta zertan geratzen den motz galdetzeko. Horretarako hilekoa, menopausia, ligatzeko teknikak eta sexua izango dituzte hizpide, besteak beste.

Horrez gain, arratsaldean zehar, 22. Korrikako materiala egongo da salgai, plazan.

 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!