"Berehalako neurriak" eskatu dituzte, lan istripuekin amaitzeko

Tolosaldeko Ataria 2022ko urt. 14a, 13:09

Ikaztegietan lan istripuz hil den gaztearen heriotza salatzeko elkarretaratzea egin dute Hertell kooperatibaren aurrean, gehiengo sindikalak deituta.

Asteartean lan istripuz hil zen Amezketako 23 urteko gaztea, eta gaur eguerdian gehiengo sindikalak deituta elkarretaratzea egin dute Ikaztegietako Hertell kooperatibaren aurrean.

Kolore beltzarekin amaitu zela urtea, eta kolorerik ez dela aldatu urtea hastearekin batera gogorarazi du ELA sindikatuko ordezkariak: "Hiru hildako izan dira Euskal Herrian, eta lehenengoa Gipuzkoan, eta zoritxarrez hildako oso gaztea da hemen Ikaztegietan gertatutakoa". Gaineratu du: "Beti salatzen dugu berdina, baina ez gara nekatuko hori salatzen. Euskal lan merkatuan pairatzen den prekarietatea zoritxarrez honelako lan istripuen ondorio zuzena da, eta instituzioei eta patronalari eskatzen dioguna da behingoz jar ditzatela mahai gainean jarri behar diren baliabide guztiak zorigaitzeko lakra honekin amaitzeko". 

Bestetik, LAB sindikatuak gehitu du: "Ezin dena onartu da lanera etorri eta gure bizitza lanean galtzeko aukera edukitzea". Datu kezkagarrietan jarri du azpimarra: "Datuak oso-oso kezkagarriak dira, eta urteak dira jada oso kezkagarriak izaten ari direla, eta urte hasierak ere erakusten digu berdina izaten ari dela. Azpimarratuko nuke modu berdinean hiltzen den hirugarren langilea dela, hau da, altuera batetik eroritako istripu txar baten ondorioz".  LAB sindikatutik ere eta administrazioari zuzenduz, "berehalako neurriak" hartzeko exijitu diote, eta honelako ezbeharrak berriro gertatu ez daitezen, "altueran lan egiten duten langileentzat prebentzio plana izatea", ezinbestekoa dela adierazi du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!