ELKARRIZKETA

«Niretzat Arrikrutzen galtzea opari handi bat izan da»

Asier Imaz - Eneritz Maiz 2021ko aza. 18a, 11:59

'Lehoiaren atzaparretan galduta' liburua argitaratu berri du Iñaki Zubeldia idazle ikaztegietarrak; liburua Oñatiko Udalak argitaratu du gertaeraren 55. urteurrenean.

Iñaki Zubeldia idazle ikaztegietarrak liburu berria kaleratu du: Lehoiaren atzaparretan galduta. 1966. urtean Jesus Manuel Maroto lagun zuela Arrikruzko leizezuloan galdu ziren, eta lehoiaren eskeletoa aurkitu zutenekoa kontatzen du.

'Lehoiaren atzaparretan galduta'. Benetako gertaeretan oinarritutako istorioa.

Nahiko nobela errealista da. Aspaldiko kontuak direnez, gauzak gutxi gorabehera esanda daude. Asko kontsultatu dut garai hartako jendearekin eta nire ingurukoekin, baina inor ez da gogoratzen noiz gertatu zen. Udazkena zela bai, eta 1966 zela bai, baina zein egun zen ez dakigu. Azaroa edo urria zen; hor behar zuen. Arantzazuko fraideei eta galdezka aritu naiz, eta fraideek ere ez dute gorde egun hori.

Nobela idazterakoan, berriz ere, bizipenak bizitu dituzu.

Bai. Jada 55 urte dira. Liburua 55. urteurrena ospatuz atera da. Gutxi gorabehera bizipenak hor dauzkat, baina xehetasun batzuk ez dauzkat hain-hain argi. Kontsultak eginez berreskuratu ditut.

Liburua idatzi baduzu, bizipenak ez dira hain txarrak.

Egia esan nik izugarri ikasi dut bizipen horretatik, eta izugarrizko probetxua atera diot. Niretzat Arrikrutzen galtzea opari handi bat izan da, zeren nire hiru edo lau liburutan zerbait azaltzen da; zertzelada txiki batzuk. Eskoletara joandakoan umeei beti kontatzen nien historia, nahiz eta beste liburu batzuei buruz aritu. Irudiak erakutsi, leize-zuloko misterioak, estalaktitak, estalagmitak, lehoiaz gain egin diren aurkikuntzak... Umeak txoratzen egoten dira honelako kontuak entzuten. Beti galdetu izan didate honetaz zerbait idatzi ote nuen, eta ezetz esaten nuenean beti ea noiz idatzi behar nuen izaten zen erantzuna.

Zurekin barruan egon zen Jesus Manuel Marotori galdetuz gero, iritzi bera izango du?

Maroto galduta izan nuen 40 bat urtean. Gu gazterik atera ginen Arantzazutik, eta Maroto lehenik Kamerunera joan zen. Valladolidekoa zenez bertan biziko zela pentsatzen nuen. Eta han nola aurkitu. Gero jakin nuen Gasteizen irakasle ote zegoen instituturen batean, eta nirekin etortzen zen liburuen komertziala, eta historia entzun eta Gasteizen bizi zenez telefonoen aurkibidea hartu eta bertan aurkitu zuen Jesus Manuel Maroto. Duela hamabi bat urte lokalizatu genuen, eta harrez gero askotan egon gara elkarrekin.

Baina bera ez da Arrikrutz leize-zulora itzuli.

Ez da itzuli, baina gizon oso patxadatsua eta lasai da. Oroimen oso politak dauzka, eta gustura entzuten ditu istorioak eta gustura ikusten ditu irudiak, baina ez da itzuli.



Benetako gertaerak dira oinarri. 1966. urtea. Zu non zinen?

Ni Arantzazun Teologia ikasten hirugarren ikasturtean. 21 urte inguru. Maroto Olitetik etorri berria zen lehen ikasturtea hasteko. Oliten filosofia ikasten zen. Lehendik ere sartzen ginen Arrikrutzera, baina ez bukaeraraino. Hiru orduko tartea bakarrik ematen ziguten libre. Arrikrutzek bakarrik zazpi kilometro ditu galeria guztiak kontuan hartuta, eta Gesaltzako leizearekin lotune bat ere badu. Bien artean sistema karstiko bat osatzen dute kasik hamabost kilometrokoa. Izugarria da. Hor ibiltzen ginen askotan, baina Maravillas izena duen gelara iristen ginen; gauza zoragarriak ditu. Hortik aurrera, Aranzadi gela zegoen; 100 bat metro luze eta 50 metro zabal eta punturik altuenean 40 metro. Izugarria izan behar zuela bai, baino sekula ez ginen iristen.

Espeleologiarekin zein lotura zenuten garai hartan?

Batere. Afizionatu sinpleak ginen. Gu Arantzazun basapizti txikiak ginen, eta ez dakit nolatan bizirik ateratzen ginen handik. Hango amildegi eta harkaitzetan ibiltzen ginen, horixe, basapiztiak bezala. Mendian asko ibiltzen ginen, eta gero leizeetara zaletu ginen. Aranzadik Munibe izeneko aldizkaria argitaratzen zuen eta hori hartzen genuen. Bertan agertu zen Aranzadi sala, horra inoiz iritsi gabeak ginen eta gogoa piztu zitzaigun.

Zer gertatu zen 1966ko arratsalde hartan?

Sei orduko tartea genuen, eta suziak egin genituen egunkari zaharrekin eta elizan egiten ziren sobratutako kandela muturrekin. Txapazko pote batera bota, hura berotu eta argizari likido hori egunkarien gainera bota eta azkar-azkar bildu eta metro erdiko zuziak egin genituen. Horrela hamasei zuzi prestatu genituen; bakoitzak ordubete bat irauten zuen. Nahikoa geneukan, eta horrekin sartu ginen Maroto eta ni.

Helburua Aranzadiko galeriara iristea zenuten.

Bai, baina sei ordu genituenez beste alderdi politak ere ikusi nahi genituen.

Aranzadira iritsi eta zer gertatu zen?

Aranzadira iritsi baino lehen zulo beltzak ikusi genituen. Gu sokarik gabe joaten ginen, eta gure kezka nagusiena putzu horietara erortzea zen. Maravillas gelatik aurrera, hau da, batez ere ezagutzen ez genuen gelatik aurrera, oso kontuz eta zuzia beti lurrera begira zulo beltzik agertu ez zedin. Lurrera begira konturatu gabe pasa egin genuen Aranzadi gela, eta bukatu ostean uste genuen Aranzadi gela genuela aurrean. Aurrera eta aurrera jarraituta aurkitu genuen hezurdura handia, eta guk hartza izango zela pentsatu genuen. 17:50ak ziren, eta guk 20:00etarako koruan egon behar genuen.

Ateratzen hasi eta...

Buelta eta buelta, inon ez genuen topatzen irteerarik. Ezin irten. Izerdi hotza, dardara gorputzean, beldurra, eta sentsazio ezkor guztiak batera bildu zitzaizkigun. Oso-oso urduri jarri ginen. Atseden hartzea erabaki genuen. Iluntasun absolutua eta isiltasun izugarria. Ur tantak. Misterio ikaragarria, baina baita beldurra ere. Hotsen haluzinazioekin hasi ginen...

Nori zuzendua idatzi duzu?

Nire kezka hori izan zen. Norentzat idatziko dut, ume txikientzat bakarrik? Ume txikientzat asko dauzkat idatzita eta helduentzat ezer gutxi. Historia hau gehiago ikusten nuen helduentzat. Kezka izan nuen. Modu nahiko errazean idatzi dut. Euskara txukuna eta aberatsean, baina zailtasun handirik sartu gabe aditzetan, hitzetan eta adierazpenetan. Erraz irakurri eta jarraitzen da liburuaren haria, eta DBH 3 edo 4. mailatik hasita, batxiler mailan edo helduek ere gustura irakurri dezakete. Azala Jabier Erostarbe oñatiar marrazkilariak egin du.

Oñatin aurkeztu zenuen liburua, eta bertako udalak argitaratu du.

Oso harreman ona dut aspalditik. Leize-zuloa inauguratu baino lehen ere, obrekin hasi behar zutenean deitu ninduten eta elkarrizketa luzea izan genuen nik nekien guztia kontatuz. Toki polita da egina dagoena, baina tokirik politenak oso zaila dira bisitatzeko. Arrastaka joan behar da.

Fikzioa ere sartu diozu.

Pixka bat sartu diot. Kapitulu bat edo beste fikziozkoa da, eta erabat asmatua. Antzeko gauza bat gertatu zitzaigun, baina ez garai horretan.

Pertsonai ezberdinak ere agertzen dira. Nazabal, esaterako.

Nazabal berastegiarra oso berezia da, eta Maroto berak ere esaten du. Arantzazun ibili ginen guztiontzat ez dut esango estralurtarra denik, baina gutxi gorabehera horrelako zerbait. Izugarri indartsua zen, eta Oñatin ere erraldoi baten moduan imajinatzen zuten. Baina txikia da, zabala eta gihar hutsa; izugarrizko indarra eta erresistentzia ditu. Aizkorrira-eta gu baino ordu erdi lehenago igotzen zen. Mendira joaten zen bakoitzean, leize-zuloan gu salbatzeko erabili zuen adarra eramaten zuen.

Liburua non eskuratu daiteke?

Oñatiko turismo bulegoan. 943 783 453 telefono zenbakian edo turismo@onati.eus helbide elektronikoan eskatuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!