Bigarren eskuko azoka antolatu dute Ikaztegietan

Ataria 2021ko aza. 16a, 08:36

Ikaztegietako I. Bigarren Eskuko Azoka antolatu dute hilaren 28rako. Kontsumoa eztabaidan jarri nahi dute azokarekin, eta produktu ezberdinen bizitza ahalik eta gehien luzatu nahi dute. Materialak salgai jarri nahi dituztenek izena eman beharko dute hilaren 20a baino lehen.

Gabonak eta opari festa hastear den garaian, Ikaztegietan, bigarren eskuko azoka antolatu dute hilaren 28rako.

Astekliman parte hartu eta gero, kontsumitzeko ereduak izan dezakeen eragina mahaigainean jarri nahi dute herrian. Hori horrela, Ikaztegietako I. Bigarren Eskuko Azoka egitea proposatzen dute: "Produktuen bizitza ahal den eta gehien luzatu, eta ohitura hau gure kulturan barneratzeko asmoz".

Azokak arrakasta izan dezan, herritar guztien parte hartzea eskatu dute. Hau da, alferkeria albo batera utzi, eta ganbara eta armairuak txukuntzeko garaia dela adierazi dute antolatzaileek: "Behar ez dugun hori atera, eta azokara eraman edota besteek eskainiko dutena behar bada erosteko".

Egunean bertan postua bi edo hiru lagunen artean jartzeko aukera izango da. "Ez da beharrezkoa izango aurretik zuen artean elkartzea, parte hartzaileei deituko dizuegu azokaren aurretik, eta postua partekatu nahi duzuen galdetuko zaizue; eta kasu horretan antolakuntzak egingo ditu taldeak", argitu dute. Gauza gutxi izanagatik ere azokara eramatera animatu dute jendea. 

Postua jarri nahi duenak, edota materialen bat bigarren eskuko azokan saldu nahi duenak hilaren 20a baino lehen izena eman beharko du deituta edo mezu bidez, 675 008 601 telefono zenbakian.

Ikaztegietako I.Bigarren Eskuko Azoka
Azaroak 28, igandea

08:00-09:00. Materiala eramateko ordua.
09:00-10:00. Antolaketa.
10:00-13:00. Bigarren eskuko azoka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!