ELKARRIZKETA

«Beti izan dut herrira begira taberna irekitzeko gogoa»

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko ira. 22a, 11:59

Uztailean ireki zuen Ikaztegietako Ostatua Uxer Mozok, eta udako opor giroa atzean utzita, lanari neurria hartzen ari da; herritarrentzat lan egitea «gustuko» duela aitortu du, eta herritarrek egindako harrera «eskertu» du.

Ez dira hiru hilabete Uxer Mozo Eizmendik (Ikaztegieta, 1998 ) herriko Ostatua zabaldu zuela. Udako hilabeteak pasata, orain ari da eguneroko martxari neurria hartzen. Herriari «bizia» eman nahi dio Ostatuarekin, eta oraindik agertu ez diren herritarrei «beldurrik gabe» gerturatzeko deia luzatu die.

Uztailaren hasieran ireki zenuen herriko Ostatua. Zer moduz ari zara?

Ondo. Egia esan hasiera nahiko gogorra izan zen. Mentalizatuta nengoen horrela izango zela. Udan irekitzearekin, uztail bete-betean, jendeak oporrak dituen egunak dira, baina gustura nago jendeak egin didan harrerarengatik, eta baita nire lanarekin ere.

Hasiera gogorra, beraz.

Jende asko oporretan, egoera honekin jende asko oporretara ere joan gabe, eta gainera jendeak herrian geratzeko joera ere badu Ikaztegietan, eta alde horretatik lan askorekin.

Irekitzerako guztia lotu eta antolatu beharra ere bai.

Duela hiru urte ere aritu nintzen lanean taberna honetan, eta banekien nondik zihoan kontua. Alde horretatik ondo, baina ezberdina da langile moduan aritzea edo zurea izatea ostatuaren ardura.

Nolatan animatu zinen herriko ostatua irekitzera?

Beti izan dudan ideia izan da, eta taberna mundua gustatzen zait. 17-18 urte nituela tabernan lanean aritzen nintzen, eta herrira begira eta ez kanpora begira taberna irekitzeko gogoa edo ideia aspalditik nuen kontua da.

Bazenuen har hori orduan.

Bai. Eta oraintxe parean egokitu zait. Aurrekoari kontratua amaitzen zitzaion, eta lanean ari nintzen, baina aukera izan nuen lana utzi eta mundu honetan sartzeko.

Ikasketekin beste bide bat hartu eta lan munduan ere sartu zinen. Ez zenuen gustuko?

Mekanikako goi mailako ikasketak egin nituen, eta lanean Ikaztegietan bertan giro oso-oso onean ari nintzen, baina gorputz aldetik oso eskas sentitzen nintzen. Pisuarekin eta hautsarekin aritzen nintzen lanean, eta ez nintzen batere gustura sentitzen. Eta aukera hau suertatu zen unean Ostaturako pausoa eman nuen.

Nolakoa da herritarrentzat lan egitea?

Oso gustukoa da herritarrentzat lan egitea. Jendeak asko eskertu dit. Ireki aurretik ere asko lagundu didate, eta ireki eta gero ere nabari da herritar batek ireki duela, gaztea naizela eta gogotsu nagoela. Asko eskertzen diet. Oso ondo hartu naute. Eta bai lagunak, eta baita familia ere beti hor egon dira laguntzeko.

Tabernaren kasuan, zer da eskaintzen duzuna?

Asteartetik ostegunera goizean irekitzerako pintxoak eginak izaten ditut, eta zerbitzu hori ematen dugu. Ez dut bazkaririk ematen. Ostiraletik igandera, berriz, bazkariak eta afariak eskaintzen ditugu. Karta moduko bat-edo plater ezberdinak, ogitartekoak, errazioak,... eta ondo moldatzen gara.

Udalak azterketa bat egin zuen herrira begira Ostatuak zer eskaini beharko lukeen. Balio izan dizu lan horrek?

Hasieratik ni ere bilera horietan egon nintzen, eta ikusi nuen jendearen ideia zein den eta nondik jotzea nahi duen. Horrek asko erraztu dit, hutsetik hasi naizen honetan herrira pixka bat egokitzen. Guztien gustukoa egitea ez dago erraza, hala ere, jendeak esaten didana beti entzuten dut, eta saiatzen naiz falta den hori ekartzen.

Ordu askoko lana da ostalariena. Bakarrik ezin lan egin, ezta?

Hasieran saiatzen zara, eta zuk egin nahi duzu guztia, baina laguntza behar duzu azkenean. Asteburuetan bazkariekin eta afariekin mugimendua dugu, eta horretarako laguntza behar duzu bai sukaldean eta baita barran bertan ere. Hiru langilerekin osatu dut taldea.

Atseden hartzeko eguna ere izango duzu?

Lehen ere astelehena izaten zen atseden eguna, eta asteburuan izaten den mugimenduarekin, egia esan, ondo etortzen da. Astelehenarekin deskantsatu, egin beharreko erosketak egin, eta astearterako, berriz ere, indarrak errekuperatuta.

Zein ordutegirekin egiten duzu lan?

Goizean 08:30erako irekitzen dut, eta aste egunean 22:00-22:30ak alderako ixten saiatzen naiz. Afariak ez ditugu ematen eta jendeak erretiro azkarra du. Asteburuetan bai, mugimendu gehiago izaten dugu.

Herri txikia da, baina errepide ertzean egonda, kanpoko jendeak badu ohiturarik Ostatura sartzeko?

Bai, bai. Astean zehar nabaritzen da langile asko daudela, eta nabari da enpresa asko daudela inguruan. Hamaiketakoa egitera edo kafea hartzera dezente azaltzen da.

Tabernaz ari gara, baina Ostatuak denda ere bere barnean du, eta zuk kudeatu behar duzu.

Bai, herrian bertan ez dago beste inolako dendarik eta jendeak herrian ez duen horrekin kanpora joan behar izaten du. Ezin da beste supermerkatuekin alderatu, baina oinarrizko erosketak egiteko uste dut baduela aukera jendeak.

Herritarrek hartu dute ohiturarik erosketak egitera sartzeko?

Egia esan hasiera honetan gutxi. Baina, niregandik hasita, ohiturak aldatzea ez da erraza.

Bukatzeko, zer lortu nahiko zenuke Ostatuarekin?

Beti pentsatu izan dut Ikaztegietako herriari bizi pixka bat ematea. Aspaldian nik uste ez dela izan, eta garrantzi handia duela iruditzen zait herriko ostatu batek martxa izatea, herriari ere bizitasun hori emateko. Pixkana-pixkana nabari dut giroa. Alde horretatik, jendea gustura dagoela uste dut, eta ni ere gustura nago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!