Ikasturte berrirako kirol eskaintzan izena emateko epea ireki dute

Ataria 2021eko uztailaren 5a

Ikaztegietako Udalak uztailean lotu nahi du ikasturte berrirako kirol eskaintza, eta dagoeneko zabaldu du izen ematea. Pilates, Aerobic, body training eta yoga ikastaroak eskainiko ditu, eta udaletxean izena emateko azken eguna hilaren 9a, ostirala, izango da.

Ikasturtea bukatu berri den arren, dagoeneko Ikaztegietako Udala irailera begira jarri da. Kirol eskaintza zabaldu die herritarrei eta ostirala, hilak 9, baino lehen eman beharko dute izena interesatuek. Pilates, Aerobic, body training eta yoga ikastaroetan izena eman daiteke, eta hori bai, taldeak osatu ahal izateko gutxienez sei pertsonek eman beharko dute izena.

Izena emateko udaletxera bertara joan daiteke, edo 943 65 33 29 telefono zenbakira deitu. Izena ematen dutenen artean whatsapp taldeak osatuko dituzte, eta izena ematen dutenen artean adostuko dituztela egunak eta orduak aurreratu dute udaletik. Osasun egoera dela-eta, segurtasun eta higiene neurriak errespetatuko dituzte. Ikastaroren batean zortzi lagun baino gehiagok ematen badute izena, bi talde egingo dituzte.

Behin izena emanez gero, udaletxetik jakinarazi dute ikasturte osorako konpromisoa hartzen duela izena eman duen herritarrak, hau da, baja soilik gaixotasun edo pisuzko arrazoiengatik onartuko dute.

Kostuari dagokionean, seiko taldea bada hilean 39 euro ordaindu beharko da, zazpi izanez gero 33 euro eta zortziko taldearen kasuan, 29 euro.

 

 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!