Elkarrizketa

«Aldageletako giroarekin geratzen naiz batez ere»

Asier Imaz / Imanol Garcia Landa 2021ko mai. 26a, 11:25

Profesionaletan debuta 2017an egin zuen Beñat Urretabizkaiak (Ikaztegieta, 1992), Tolosako Beotibar pilotalekuan. Lau urte egin ditu Baiko enpresan, eta bizkarreko lesio batengatik bere ibilbidea amaitu zaio.

Afizionatu mailan aurrelari aritu bazinen ere, debuta atzelari bezala egin zenuen.

24 urterekin egin nuen debuta, behin ere ibili gabeko posizio batean. Zerbait berria zen niretzako. Egia esan, lau urte pasa ditut, eta orokorrean balantzea ona da. Jende asko ezagutu dut, lagun handiak egin ditut, baina orain lesio bat tarteko ezin dut jarraitu.

Bizkarretik ibili zara izorratuta, herniaren batekin edo.

Bai. Abenduaren erdialdera min handiak sentitzen hasi nintzen bizkarrean. Errehabilitazio pixka bat egin nuen, eta gero beste partida bat jokatu ahal izan nuen urtarrilaren 10ean, baina hortik aurrera min handiarekin egon naiz. Ez nekien seguru zer nuen, eta probak egin ondoren, azaldu zidaten bi hernia diskal nituela, nerbio ziatikoa harrapatzen zidatenak. Hasieran min handiak pasa nituen, asko sufritu nuen, eta orain hilabeteak aurrera doazen heinean, asko hobetu dut, medikuei esker. Bizitza normala egiteko moduan nago, baina pilotan jokatzeko ez.

Beraz, pilotan ez duzu jarraituko beste modu batera ere.

Oraingoz ezin dut. Medikuak esan zidan mentalizatu beharko nuela egoera berrira, ez delako lesio normal bat, eta hortik aurrera ahal dudan ondoen jartzen saiatzen ari naiz, eta kontziente izaten bizitzaren etapa bat bukatu egin dela. Hemendik aurrera saiatuko naiz pilota eskolan laguntzen eta beste lan batzuk egiten. Hala ere, oroitzapen onarekin geratzen naiz. Afizionatuetan ibilbide polita egin nuen, asko disfrutatu nuen. Gero betiko amets hori egi bihurtzeko aukera izan nuen. Pena da lesio batengatik utzi behar izatea, baina oraindik proiektu berriak baditut, ilusio berriak baditut. Gaztea naiz, 28 urte ditut, eta ilusio eta umore onarekin hartu beharra dago.

Intxurre pilota eskolak hor jarraitzen du.

Urte asko daramatzat, eta gustura joaten naizen lekua da. Pilota eskolako haurrei gustatzen zaie erreferente batzuk izatea eta gure kasuan ni eta Iñaki Artola gaude, eta normala den moduan bera da erreferente nagusia. Gazteei laguntzea gustatzen zait, eta bertan jarraituko dut.

Zer oroitzapen etortzen zaizkizu egindako bideari begiratzerakoan?

Batez ere horrelako momentuetan, gogoratzen zara zeinek lagundu dizun, zenbat jende ezagutu dudan... Niretzako dena berria zen, eta askotan ez duzu imajinatzen, baina frontoira sartzen zarenean jende pila bat ezagutzen duzu. Oroitzapenei begiratuta, batez ere aldageletako giroarekin geratzen naiz, oso giro ona genuelako. Lagun asko egin ditut. Eta Mikel Olaetxea aipatu nahi dut, bera izan zelako hasiera hartan asko lagundu zidana.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!