Herritarrak gogotsu eta azoka gosez

Ataria 2021eko apirilaren 27a

Ikaztegietako Kultura Batzordeak lehen balorazioa «oso ona» egin du; «gustura» geratu dira Euskal Azokak izan duen erantzunarekin.

Aspaldian ez zuen horrelako itxurarik izan Ikaztegietako plazak. 7. Euskal Azoka egin zuten igandean, eta harrera «bikaina» izan zuen, jendearen aldetik. Egun gutxi barru balorazio bilera bat egingo dutela aurreratu du Manex Saez de Egilaz Ikaztegietako Udaleko kultura zinegotziak, baina azoka itxi eta batzordeko kideek egindako lehen balorazioa «oso ona» izan dela argitu du. Gustura geratu dira antolatzaileak. «Herritarrek oso erantzun ona eman diote, eta kanpotik ere jendea gerturatu da», esan du.

Azokara bertaratutakoek, berriz, «horrelako zerbaiten beharra bazegoela», azpimarratu zuten, eta baita «alaitasun pixka bat» ere. Hori zuten helburuen artean antolatzaileek, «herriari bizi pixka bat ematea». Goiz pasa ezberdin bat egiteko aukera izan zuten ikaztegietarrek.

Azken orduko bi baja izan zituzten postuen artean, baina hala eta guztiz ere, hemezortzi posturekin herriko plaza postuz bete zuten. Postuetako saltzaileek ere salmenta onak egin zituztela dio zinegotziak: «Guztiekin hitz egin genuen, eta postua jarri zuten guztiak oso-oso pozik zeuden, uste baino gehiago salduta». Segurtasun neurriak kontuan hartuta «gauzak egin daitezkeela ikusi dugu». Jatekoa eta edatekoa erosi zuten plazara gerturatutakoek, baina baita bitxiak, loreak, liburuak edota artisau produktuak ere. Pintura tailerreko herritarren lanak bisitatzeko aukera ere izan zen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!