Urte hasierako erabakiari eutsiz, Euskal Azoka egingo dute Ikaztegietan

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko api. 15a, 07:59

Kultura Batzordeak urte hasieran erabaki zuen hilaren 25ean, 7. Euskal Azoka antolatzea; nahiz eta, «egoerarik onena ez izan» segurtasun neurri guztiak betez egingo dute.

Ondo bidean, Ikaztegietako Udaleko Kultura batzordeak hilaren 25ean, igandean, 7. Euskal Azoka egingo du, plazan. Euskal Herriko produktuekin osatutako azoka 10:00etan irekiko dute, eta 14:00ak arte egongo da zabalik.

Manex Saez de Egilaz da kultura zinegotzia, eta esan duenez, «egoerak hala behartuta» iaz atzeratu egin behar izan zuten azoka. «Urtarrilean berriz Kultura Batzordea martxan hasi zenean, aurtengorako apustu bat egitea pentsatu genuen, eta azoka martxan jartzea erabaki genuen osasun egoerak hobera egingo zuela kontuan hartuta», argitu du. Eguna gerturatu ahala, ordea, berriz ere, egoerak okerrera egin du: «Azken egunetan egunero egoerari begira gaude, baina momentuz aurrera goaz antolaketa guztiarekin. Hori bai, herria itxiko baligute edo egoera asko okertzen bada bertan behera uzteko erabakia buruan dugu». Garbi du inguruko herri asko gorrian daudela eta ezingo dutela joan, baina «herritarrak eta libre dauden herrietako jendea» gerturatuko direlakoan da.

Urte hasierarekin batera hasi ziren kultura batzordeko kideak azokari forma eman eta postuak lotzen. «Batik bat, inguruko ekoizleei eta herritarrei, edo bere produktuak ezagutarazi eta plazaratu nahi dituenari aukera txiki bat emateko ideiarekin antolatu dugu», gaineratu du. Era berean, herriari «bizi pixka bat» eman nahi izan diote.

Segurtasunari garrantzia eman diote, eta plazara sartzeko sarrera bat eta irteera bat jarriko dituzte, jende pilaketak ekiditeko. Herriko txistulariek girotuko dute goiza. Plazan 20 postu ezberdin egongo dira segurtasun tarteak errespetatuz: baserriko produktuak, landareak, edariak, artisau lanak, jantziak, liburuak,... Eta pintura tailerrekoen urteko lanak ikusgai jarrita egongo dira udaletxeko aretoan. «Mugitu gara, eta postu ezberdinak izango dira». Udazkenetik udaberrira aldatu dute azoka, eta berezitasun moduan, aurtengoan, landareen postua izango da.

Postuak jartzeko aukerarekin deitu ostean, «eskertu» egin dutela azaldu du, eta horietako asko «harritu» egin direla azoka antolatu dutelako. Jan-edanerako aukerarik ez da izango egoera tarteko. Horrez gain, kultura batzordeko kideek egiten duten lana eskertu nahi izan du zinegotziak.

BOLUNTARIOEN BEHARRA

Azoka egunak berak, aurretik eta ostean muntatze lanak egitea eskatzen du, eta horretarako laguntza eskatu dute. Boluntario lana egiteko prest daudenek izena eman beharko dute udaletxean. Alde batetik, larunbatean, hilak 24, 18:00etan, postuentzako karpak muntatu beharko dira, plazan. Bestetik, igandean bertan, 14:00etan azokari bukaera eman ostean, dena jaso beharko da.

Laguntzeko prest daudenek udaletxeko 943 65 33 29 telefono zenbakira deitu beharko dute, eta zein egunetan lagunduko duten adierazi beharko dute. Izena emateko azken eguna apirilak 21, asteazkena, izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!