Argiteria publikoa led argiekin hornitzen bukatuko dute aurten

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko mar. 11a, 11:59

Ikaztegietako Udalak 584.270,75 euroko aurrekontua onartu du; foru funtsetik iaz baino %5,31 gutxiago jasota, diru partida batzuk jaitsi egin behar izan dituzte.

Ikaztegietako Udalak onartua du aurtengorako 584.270,75 euroko aurrekontua. Iazkoarekin alderatuta, 0,81eko jaitsiera izan du, eta foru funtsetik ere %5,31ko jaitsiera izan dute, eta 414.981 euro jasoko dituzte.

Bakarne Otegi alkateak aurtengo aurrekontuak ez duela proiektu handirik azaldu du, baina aurrekontuan aurreikusi ez dituzten proiektu txikiak badituztela esku artean, eta urtean zehar sortu daitezkeenei aurre egiteko prest daudela dio: «Gerakinean badugu dirua».

Inbertsioetarako 70.900 euro dituzte, eta uste gabeko lur jauzi bat konpondu beharrak kenduko diela zati handi bat aurreratu du alkateak. 50.000 euro bideratu dituzte Kutturru industrialdeko lur jauziko lanetara.

Lehenetsitako inbertsioei heldu diete, eta geratzen zaien gainerako diruaren zati bat, hau da, 16.000 euro, herriko argiterian inbertituko dute. Errotagain atzeko kaleko kaleargiak, udaletxe zaharretik Aiutura bitartekoak, eta besteren bat baino ez zaie falta herri guztian led farolak jartzeko. Honela, aurtengo lanekin bukatutzat emango dituzte herriko kaleko argiteria publikoan egin beharreko lanak. «Dagoeneko %20ko diru laguntza esleitu digute Energiaren Euskal Erakundetik», esan du; «beste hainbat inbertsio egiteko diru laguntzen zain egoten gara, baina hau garbi zegoen egin egin behar genuela».

Bestetik, lege aldetik, ziurtagiri eta auditoria energetikoak egiteko beharra dutela esan du alkateak: «Horretarako 3.700 euro jaso ditugu, eta foru aldundiko kontratazio zentraletik egin dugu azkenean, eta honela eraikinen ziurtagiri energetikoak ere martxan jarriak ditugu».

Eraikin publikoen azterketak eginda, udalak, eraikin bakoitzean zein galera dituen jakingo du. «Gastuen fakturak hartzen dituzte, eta gero eraikinak beraiek aztertzen dituzte zein motatako leihoak, bonbillak edota zein berokuntza sistema duten begiratuz», argitu du.

Kiroldegiko parke zaharrerako eta eskola aurreko parkea txikienei begira egokitzeko diru laguntza eskatua du Ikaztegietako Udalak, baina ez dakite gauzatu ahal izango dituzten.

MURRIZKETAK ETA IGOERAK

Aguazilaren erretiroa tarteko, otsailetik urtebeterako langile bat kontratatua dute, eta kasu honetan, pertsonal gastuan %5,35eko jaitsiera izan dute.

Aldiz, aurrekontua egokitu ahal izateko, momentuz, ludoteka zerbitzua ezin izan dute aurreikusi. «Orain ekonomikoki ez du ahalbidetzen, baina egoerak posible egiten badu eta aurrera eramateko moduan bagara, poltsa izango dugu eta partida sortuko genuke», argitu du Otegik. Eta kasu bera gertatu dela nabarmendu du adinekoei begirako Tipi-Tapa ekimenarekin eta Oroimen Tailerrarekin: «Aukera dagoen momentuan martxan jarriko ditugu». Gizarte Zerbitzuetan erabiltzaile bat gehiago dela eta, berriz, %1,32ko igoera aurreikusi dute aurrekontuan.

Bestalde, kultura eta festei begira diru partida jaitsi egin behar izan dutela aitortu du Otegik, baina Kultura Batzordeak lanean jarraitzen duela, eta ahal den neurrian ekitaldiak antolatzen ahaleginduko direla egoerara egokituz.

Bukatzeko, ezustekoa izan dute Enirio-Aralar Mankomunitateari ordaindu beharreko urteko kuotarekin, «ikaragarrizko igoera egon da kuotan, eta hirukoiztu egin da».

ZENBAKITAN

GASTUAK                                                           EUROAK

Pertsonal gastuak                                                         216.641
 
Gastuak ondasun arrunt eta zerbitzuetan          177.156,44

Finantza gastuak                                                             2.400

Transferentzia arruntak                                           72.673,31

Inbertsio errealak                                                         70.900

Finantza pasiboak                                                         44.500

GASTUA GUZTIRA                                      584.270,75

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!