Jauregi seigarren eta Mozo zortzigarren lokotx biltzen

Imanol Garcia Landa 2021eko urtarrilaren 21a

Ezkerretik hasita, Uxer Mozo eta Mattin Jauregi, txapelketan parte hartu zuten beste zenbait kirolariekin.

Euskal Herriko Lokotx Biltze Txapelketan parte hartu dute bi ikaztegietarrek.

Mattin Jauregi eta Uxer Mozo ikaztegietarrek Gipuzkoa ordezkatu zuten asteburuan jokatu zen Euskal Herriko Lokotx Biltze Txapelketan, Abadiñoko Matiena auzoan. Zortzi parte hartzaileetatik Jauregi seigarren izan zen, 7.03ko denbora eginez, eta Mozok zortzigarren amaitu zuen, 7.34ko denborarekin. Irabazlea Unai Iantzi nafarra izan zen, 6.02ko denborarekin. Podiuma Aitor Blanco nafarrak (6.14) eta Aritz Martin bizkaitarrak (6.22) osatu zuten.

Aurkari onak zeudela ikusita, lokotxak urrutiagotik botatzea aukeratu zuen Mozok: «Mattin korrika gehiago ibiltzen da, baina nik hartu nuen estrategia lokotxak besteek baino urrutiagotik botatzea izan zen. Arriskatzeak hori du: egun okerra tokatzen bada, eta huts asko egin, denbora asko galtzen da».

Txapelketa aurten jokatu bada ere, iazkoari zegokiona izan da. Berez herrialde bakoitzeko txapelketako lehenengo biak sailkatzen dira Euskal Herriko Txapelketan parte hartzeko. Hala ere, aurreko urtean ez zen Gipuzkoako Txapelketarik jokatu, COVID-19a dela-eta hartutako neurriengatik. «Azken hiru urteetan ari gara parte hartzen biok lokotx biltze txapelketetan, eta Gipuzkoako Txapelketarako izena emanda geunden. Euskal Herrikoa egin behar zela azaldu eta gu joateko esan ziguten», adierazi du Mozok. Dirudienez, laster iazko Gipuzkoako Txapelketa egiteko asmoa dagoela gaineratu du lokotx biltzaileak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!