Siberiara bidaia, bost urteko neskatilaren abenturekin

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko abe. 2a, 07:59

Iñaki Zubeldia idazle ikaztegietarrak 'Siberiako neskatila ausarta' liburua argitaratu du, zortzi urtetik gorako haurrentzat.

Pasa den urtean idatzi zuen Iñaki Zubeldia idazle ikaztegietarrak Siberiako neskatila ausarta liburua, baina orain atera da argitara. Ibaizabal argitaletxearen Matxinsalto bildumaren barruko ipuina da.

Mantxinsalto bilduman sartzeko orri kopuru mugatua behar, eta luzeegia idatzi zuenez, idatzitako ipuina mozteak eman dio lana. Siberian gertatutako albiste bati tiraka idatzi du ipuina. Errusiako Tuva Errepublikan kokatzen da, Mongoliatik gertu. «Idatzi eta gerora jakin dut, azken urteetan, Vladimir Putin bera ere horra joaten dela oporretan arrantzara», kontatu du bitxikeria moduan.

Neskatila protagonista izatea nahi zuen, eta baita aitona-amonak ere. Etxalde bakarti batean gertatzen da, eta hurrengo lehen etxaldea zortzi kilometrora izango du protagonista den Saglana izeneko bost urteko haurrak. «Errealitatean albistea gogorragoa da, baina nik ez dut hain gogor kontatu nahi izan, eta fikziotik asko du», argitzen du.

Siberiako bizimodu lasaian kontatzen da ipuina; «heroi handi hori neskatila txiki bat da, eta albistean horrek asko poztu ninduen», dio. «Askotan aitona-amonek zein funtzioa betetzen duten mundu honetan, zeinen garrantzitsuak diren umeentzat eta zein sinbiosi sortzen den aitona-amona eta umeen artean transmititu nahi izan dut», gaineratu du.

Ume hori zoriontsua zela argitu du idazleak: «gauza asko zituen, baina era berean ez zeukan ezer. Gaur egungo hiper zibilizazio esplotatu honetan, ez zeukaten ezer. Etxalde txiki bat eta bere lagunak ziren animaliak, finean, mundu sinplea zen; landa mundua eta naturala islatu nahi izan dut, eta hor ere zeinen zoriontsu izan daitekeen».

Enrike Morentek ilustratu du ipuina, eta Zubeldiak «fenomeno bat» dela dio. «Txoratzen geratu naiz. Izugarrizko bizitasuna, kemena, edertasuna, misterioa ditu. Oso-oso polita geratu da».

DURANGOREN FALTAN

Jakina den moduan aurten Durangoko Azokarik ez da izango ohiko eran, eta Zubeldiak aitortu du faltan botako duela. Sektore eta alor asko izan ditu gogoan; «guri ere sufritzea tokatzen zaigu, baina eskoletan ere ibiltzen naiz eta ea liburua ezagutzera ematen dudan», argitu du.

Oso gazte zela hasi zen ikaztegietarra Durangoko Azokara joaten eta ia urtero bertan izan da hutsik egin gabe: «Durango denetarako da. Elkarri animoak emateko, kultur munduan indarrak hartzeko, besteen lanak ikusteko... Durango euskaldunon artean, nolabait, gure izaera konfirmatzeko modua ere bada. Besteak baino gehiago ez gara, baino gutxiago ere ez. Gu gara eta gu izaten jarraitu behar dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!