Bertakoaren aldeko apustua

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko aza. 26a, 19:59

Ikaztegietako Udalak bertako produktuak herrian jasotzeko zerbitzua du martxan. Udalak jarri duen proiektuaren gainean, Gloria Castaños, Idoia Apaolaza, Idurre Arin, Iñigo Muxika eta Onintza Lizarra erabiltzaileen iritziak jaso dira.

Martxoko konfinamenduan herrian bertako produktuak jasotzeko zerbitzua jarri zuen martxan Ikaztegietako Udalak, eta orain, jarraipena emanez, kiroldegian gela bat egokitu dute, herritarrek nahi dutenean beraien eskariak jasotzeko aukera izan dezaten. Larreta esnekiekin hasi zen, eta Aranburu arrautzak eta sagar zukuak eta Belardipe Erleak-en erle jatorriko produktuekin osatu da.

Bakarne Otegi alkateak azaldu duenez, «Larretako esnekien kontsumitzaile moduan behar pertsonaleko kontsulta batetik hasi zen guztia». Hasieran, hamabost eguneko kontua izango zela pentsatu eta, «korrika eta presaka whatsapp mezu bidez baino ez genuen zabaldu, eta pena izan zen ez ginela herritar guztiengana iritsi». Hamabost egunekoa izan behar zuena hilabetetan luzatu zen. «Herritarrek erantzun ona eman zioten ekimenari, baina normaltasunera iritsi ahala, konturatzen joan ginen geroz eta jende gutxiagok zuela aukera ostiraletan plazara gerturatzeko». Hala, interesa azaldu zuten herritar guzti horiek aukera izan zezaten, udala modua aztertzen hasi zen eta bilera batzuk egin ostean, urrian jarri zuten zerbitzua martxan.

Ia hogeita hamar familia daude izena emanda, eta interesa duten herritarrek udaletxean izena eman eta giltza hartu baino ez dute egin behar. Gero, kontsumitzailea eta ekoizlearen artean moldatzen dira, eskaera egin eta ordainketak egiteko. «Ondo funtzionatu duten produktuekin» jarri dute martxan proiektua. Orain lanean ari dira beste mota bateko elikagaiak sartzeko, eta udalak bilerara deituko ditu kontsumitzaileak.

GLORIA CASTAÑOS

«Itxialdia hasi zenean ostiralero Larretako produktuak jasotzera joaten hasi ginen plazara, eta oso gustura egon ginen. Orain ideia oso ona eta aukera zoragarria iruditu zitzaigun. Oso erosoa da, bai eskaerak egiteko eta baita hartzeko modua ere. Gainera bertako produktuak dira. Oso ondo funtzionatzen duela iruditzen zait. Bakoitzak gure giltza daukagu, eta udalaren inplikazioa ere ona izan da. Eta ez da bakarrik Larreta, beste bi ekoizleak ere bai. Honela dudarik gabe bertako produktuei garrantzia ematen zaie».

IDOIA APAOLAZA

«Interesgarria iruditzen zait gurea bezalako herri txikietan honelako zerbitzuak izatea. Gertutasunaz aparte, kontsumitzen ditugun produktuak kalitate handikoak dira».
«Ideia oso ona iruditu zait, eta inguruko ekoizle gehiagorekin harremanetan jarri eta  posible balitz produktu gehiago sartuko nituzke eta aberastu egingo luke. Nolabait Km0 filosofiarekin bat egiten dugu. Bertako produktuak kontsumituz, eta bertako baserritarrak lagunduz. Balioa ematen zaio, eta baserriak irekita mantentzen laguntzen dugu, eta baita gure bazterrak txukun mantentzeko ere. 

IDURRE ARIN

«Konfinamendu garaian hasi ginen, eta niretzat oso erosoa zen esnekiak plazaraino eramatea. Garai hartan hasi ginen baita arrautza eta zukuekin ere. Orain horren jarraipena izan da, eta ideia oso ona iruditzen zait. Guztiontzat oso erosoa dela uste dut. Giltza dugu eta nahi dugunean joan gaitezke bila. Kontsumitzen duguna bertakoa da eta konfiantzazkoa da, eta indarra ematen diegula uste dut. Inguruko herrietako produktuak jaten ari gara».

«Faltan bota ez. Konfinamendu garaian pasta integrala edo jaki prestatuak ere iristen ziren, eta tarteka eskatzeko ondo zegoen. Aukera bada eskatu egiten duzu. Ogia edo inguruko barazkiak egongo balira nik erosiko nituzke».

IÑIGO MUXIKA

«Whatsapp mezua jaso genuen eta ideia oso ona iruditu zitzaigun inguruko ekoizleen produktuak erosteko. Era berean beraiei laguntzeko, bitartekariak ekidin eta ez dugu kanpotik ekartzen ibili behar. Ideia oso ona izan da. Lehen egun eta ordu zehatzean etortzen zen eta ilara egin behar izaten zen, orain oso erosoa da. Noiz uzten duen abisatzen du, eta giltza dugu nahi dugunean joan eta jasotzeko».

« Gauza batzuk agian kontsumituko dituzu eta beste batzuk ez, baina inguruko beste edozein produktu sartzen dela, ongietorria izango da».

ONINTZA LIZARRA

«Hasteko oso interesgarria iruditzen zait bertako produktuak kontsumitzea, eta ekoizlea eta kontsumitzailearen artean inongo bitartekaririk ez egotea, bientzako onuragarria delako. Bestetik naturala delako. Badakigu erosten ari garen produktuak kalitate onekoak direla».

«Koronabirusaren kontuarekin sortu zen, baina ideia oso ona dela iruditzen zait. Herri txikia da eta behar bati lotuta dago. Denok dakigu bertako produktuak dendetan saltzen direla, baina honek erraztu egiten dizu erosketa.

«Berria da eta oraindik ez dut ezer faltan botatzen, baina hemen inguruan baditugu ogia, pasta,... egiten dituzten ekoizle asko, eta etortzen den guztia ondo egongo da. Fisikoki lekua daukagun moduan izanda, uste dut irtenbide gehiago eman beharko litzaiokeela».

«Ez zait ezer bururatzen. Guk baratzea dugu, baina ez daukanarentzako izan daiteke. Ni aseta nago, baina beste produktu batzuk sartzen badira, zergatik ez!».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!