Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna 2020

Emakumeen kontrako indarkeriaz hausnartzeko deia herritarrei

Ataria 2020ko azaroaren 17a

Urte berezia izan arren, Ikaztegietako Emakume Taldeak indarkeria sexista salatzeko ekimena prest  du parte hartzea bultzatuz 

Azaroaren 25a indarkeria sexistaren aurkako eguna da, eta Ikaztegietako Emakume Taldeak, urtea zaila eta berezia doan arren, indarkeria salatzeak eta horren inguruan hausnartzeak «are eta garrantzia handiagoa» duela uste du. 

Garai berrietara egokitutako ekimena prestatu du, eta helburua emakumeen aurkako indarkeriari buruz hausnartzea dute. Galdera bat luzatu diete herritarrei: «Ze tresna erabili ditzakegu emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko?».

Herriko eragile ezberdinekin jarri da taldea harremanetan, baina garbi utzi dute «maila indibidualean parte hartu nahi duena ongi etorria izango da». Ekimenean parte hartzeko aurretik luzatua duten galderari erantzun beharko diote orri zuri batean edota kartulina batean bakoitzaren ideiak adieraziz. «Hitz bat, marrazki bat, azalpen bat...» izan daiteke. 

Maila pertsonalean parte hartzen dutenek, azaroaren 25ean bertan, plazako komunen inguruko horman itsatsi beharko dituzte beraien mezuak, eta abenduaren 2a bitartean egongo dira ikusgai. Aldiz, herriko eragileen artean egindako muralak herriko txoko ezberdinetan jarriko dituzte ikusgai. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!