Kiroldegiko zelaiko obrak urte amaierarako bukatuko dituzte

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko aza. 4a, 11:58

Ikaztegietako Udalak kiroldegiko zelaiko proiektua martxan jarria du, eta behin amaituta aisiarako eta kirol ezberdinak egiteko aukera eskainiko du eremuak.

Ikaztegietako Udalak duela bi urte egin zuen kiroldegiko zelaiari erabilera emateko proiektua, eta orain obrak egiten hasi dira. Urriaren erdi aldera ekin zieten lanei, eta urtea amaitzerako aisialdi guneko lanak bukatuta izan beharko dituzte.

2018ko aurrekontuan aurreikusitako proiektua urtez urte aurrekontuan txertatzen joan dira. 5.000 metro karratu inguruko azalera du zelaiak, eta horietatik 1.800 bat erabiliko dira proiektua gauzatzeko. Haur eta gaztetxoek zuten aisiarako gabeziari tiraka sortutako proiektua izan da, batez ere, futbolean edota saskibaloian jolastu ahal izateko eremua izatea nahi zuten herrian. Honela, herritar guztiei kirola egin edota paseo bat emateko aukera eskainiko zaie bertan.

Bi gunetan banatu daiteke proiektua. Alde batetik, 30x15 metroko neurriak izango dituen kirol askotarikorako jokalekua izango du, haur, gazte nahiz helduek erabiltzeko. Gunea egokitua izango da dagozkion argiztatze eta elementuekin. Bestetik, kirol jarduera zein aisialdirako zirkuitu bat egingo da, paseatu, korrika egin edota bizikletaz ibiltzeko. Hau ere argiztatua izango da, eta eserlekuak eta edukiontziak jarriko dituzte. Guneak zuen gabezi bati erantzunez, iturri bat ere jarriko dutela nabarmendu du Bakarne Otegi alkateak.

Eremu guztian zehar landare ezberdinak jarriko dituzte, eta errepide nagusiaren ertzean egonik azpimarra egin du: «Eremu irekia da, eta errepidearekiko mozketa edota babes bat egin nahi da landare bidez». Gainerako guztia berdegune moduan utziko dute.

228.053,04 euroko aurrekontua dute lanek, eta Eusko Jaurlaritzako Erein programatik %65eko diru laguntza eskuratua du udalak lan hauek gauzatu ahal izateko. Zehazki, 148.234,48 euroko laguntza da.

Hasieran aipatu moduan, 2018an eginiko proiektua da, baina lehenengo urtean inor ez zen aurkeztu udalak proiektua lehiaketara ateratakoan. Ostean, herritar batzuen artean sortutako kezkak eta ezinegonak tarteko, 2019an, galdeketa bat egin zen proiektua egin edo ez egin galdetzeko. Herritarrek baiezkoa eman zioten proiektuari, eta 2020ko aurrekontuan txertatu zuten, eta orain, Sasoi eraikuntzak ari da lan horiek egiten.


GAUR EGUNGO PARKEA BERTAN

Aisialdi gunea bere osotasunean mantentzeko kiroldegiak alboan duen haurrentzako parkea bertan mantenduko du udalak, eta baita mahaiak ere. Orain, ordea, urriaren 21eko haizeteen ondorioz kalte batzuk jasan ditu parkeak, eta horiek konpontzeko ahalegina egin dutela adierazi du Otegik.

Parkea konpondu ahal izateko diru laguntza lortzen ahaleginduko da udala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!