Euskara ikastaroetarako izen ematea zabalik Ikaztegietan

Ataria 2020ko irailaren 9a

Ikastaroak herrian eskaintzeko baliabideak jarriko ditu Ikaztegietako Udalak. Hilaren 17ra arte luzatuko da matrikulazio epea.

Ikaztegieta Ikaztegietako Udalak, eskualdeko euskalgintzako hainbat eragilerekin elkarlanean, 2020-2021 ikasturtean ere euskara ikastaroak herrian bertan eskaintzeko baliabideak jarriko dituela jakinarazi nahi die herritarrei. «Gurea bezalako herri euskaldunetan euskara jakiteak duen garrantzia kontuan hartuta, beste urte batez ahalegin berezia egin nahi izan dugu euskara ikasteko, hobetzeko edo alfabetatzeko pausoa ematera animatu zaitezten», azaldu die.

Behe, erdi eta goi mailako euskara ikastaroen eskaintza egingo da, eta izena ematen dutenen artean, ordutegiak eta mailak kontuan hartuta, taldeak sortzeko aukera aztertuko da. Taldea sortzeko gutxieneko kopurura iritsiz gero, ikastaroak herrian bertan eskainiko dira. Urtero bezala, herrian sortzen diren ikastaro guztiak diruz lagunduko ditu udalak.

Ikaztegietako Udalak herritarrak gonbidatu nahi ditu ikastaroetan parte hartzera: «Euskararen normalizazioan, guztiokin batera, urratsak ematera gonbidatzen zaituztegu. Animatu eta ikasi euskaraz».

Irailaren 17ra arte luzatuko da matrikulazio epea. Izena emandako guztiei bilera baterako deia egingo zaie epea amaitu eta egun gutxira. Izena emateko nahiz ikastaroen inguruko informazio gehigarria jaso nahi dutenek, Ikaztegietako Udaletxera gerturatu edota 943 653 329 telefono zenbakira deitu behar dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!