Bertako produktuak, bertan

Ataria 2020ko irailaren 8a

Ikaztegietako kiroldegian jaso ahal izango dira produktuak.

Ikaztegietako Udalak Orendaingo Larreta baserriko eta Zizurkilgo Aranburu oilategiko produktuak banatzeko ekimena abiarazi du.

Ikaztegietarrek Larreta baserriko eta Aranburuko produktuak herrian bertan jasotzeko aukera  izango dute aurrerantzean. Herritarrak udaletxera zuzendu beharko dira zerbitzuan parte hartu nahi dutela esateko, eta irailean zehar hasiko dira banaketa egiten.

Elikagaiak kiroldegiko gela batean jaso ahal izango dira, hornitzaileek utziko baitituzte bertan zehaztuko duten egun eta orduan. Herritarrek kiroldegia irekita dagoen egun eta ordu batean jaso ahal izango dituzte. Izan ere, aurrez izena ematen dutenek kiroldegiko gelako giltza jasoko dute.

Hauek dira jaso ahal izango diren produktuak. Larreta baserriko jogurtak, petixuak, jogurta bereziak, gazta freskoa, gazta biguna, izozkiak eta esne gordina, eta Aranburu oilategiko oiloen arrautza dozena edo sagar zukua.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!