Koronabirusa

Lasaitasun mezua zabaldu nahi izan du Ikaztegietako Udalak

Ataria 2020ko irailaren 7a

Ikaztegietan azken egunetan Covid-19an positibo eman dutenen kopuruak gora egin du, eta hori dela eta lasaitasun mezua helarazi nahi izan du udalak.

"Segurtasun eta higiene neurriak errespetatzea eta Osasun Sailaren gomendio guztiak betetzea inoiz baino beharrezkoagoa da momentu honetan", esan dute udaletik. Herriko ostatuari dagokionez, jakinarazi du bertako langileak negatibo eman duela PCR proban.

Bestalde, konfinamendu garaian antolatutako boluntario taldea berriz ere martxan dagoela esan du udalak eta herritarren batek laguntza behar izanez gero 688 63 57 75 telefono zenbakira deitu ahal duela gogoratu du. 

Bukatzeko, isolatuta edo berrogeialdia betetzen ari direnentzat zabor bilketa berezia martxan jarriko dutela esan dute. Edukiontziak ondorengo lekuetan kokatuko dituzte: udaletxe aurreko bilketa puntuan, Egun sentiako bilketa puntuan, Zigor etxeetako bilketa puntuan, Goisoro etxeetako bilketa puntuan eta Aitu inguruan Txorrone etxeko paretaren kontra. 

Beste herritar guztiak orain arte bezala atera beharko dituzte hondakinak sailkatuta dagokion kubo eta egunetan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!