"Positiboen datua dagoeneko altua da, eta gure populazioa mapatik ezabatzeko arriskua ikusten dugu"

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko abu. 29a, 14:23

Saharako Gazte Aktiboak elkartearen sortzaileetako bat da Ikaztegietan bizi den Fatimetu Zenan (Saharako errefuxiatuen kanpamentua, 1999). Koronabirusak kezkatu ditu batik bat gazteak, eta "pandemia batean gaude, hemen kaosa izan bada, imajinatu errefuxiatuen kanpamentu batean, non, baliabideak eskasak ez, ez dauden". Batik bat, orain, materiala bildu nahi dute.

Saharako Gazte Aktiboak elkartea sortu duzue. Zer dela eta?

Sahararrak, euskaldunak, katalanak eta Espainiako komunitate ezberdinetako jendeak parte hartzen dugu bertan; pertsonez gain, baita Sahararen alde dauden elkarteek ere. Batez ere, Saharako errefuxiatuen kanpamentuetan bizi duten egoera dela-eta elkartu gara, kezkatuta gaudelako. Duela 45 urtetik gorako gatazka da, baina orain are eta gehiago Covid-19a bertara iritsi delako. Kezka hor dago, beldurra ere bai, eta elkartu egin gara elkarlanean aritzeko. Ideia eta proposamen ezberdinak aurrera eramanez, ea zer egin dezakegun elkarrekin bertako familiei laguntzeko.

Baina helburu nagusiren bat baduzue?

Momentuz, orain, Covid-19an zentratuta gaude. Frenatzea hitz potoloa izango litzateke, baina honek sortzen dituen ondorioak nolabait arindu edo leuntzea litzateke helburua. Bai material bilketa bitartez, baita hemengo osasun profesionalekin elkarlanean telekontsulta bidez arituz eta baita osasun hezkuntza eta sentsibilizazio programak aurrera eramanez. Bertakoei aurkezteko eta kontzientziazio maila hori handitzeko. Batez ere, gazteak elkartu gara. Azkenean borroka honen lekukoa eraman behar dugunak gara. Elkarlanean ari gara, elkarren arteko harremanak sendotuz, baina azkenean orain batez ere Covid-19an enfokatuz.

Nolatan elkartu zarete?

Ekitaldi bat antolatu genuen Gernikan gazte euskaldun eta sahararren arteko lotura sendotzeko. Elkar ezagutzeko eta elkarrekin proposamen eta ideia berriak landu ahal izateko izan zen. Bachari Laabeidekin batera antolatu nuen. Larry Casenave gonbidatu genuen, saharar militantea da, baina jatorriz venezuelarra da. Gerra garaian borroka egin zuen saharar gizon eta emakumeekin batera, eta bere hitzei esker piztu zitzaigun borrokatzen jarraitzeko gogoa, eta gure herrialdearengatik zerbait gehiago egiteko beharra. Ekitaldian egoeraren inguruan hitz egin genuen, eta euskal herritarrekiko daukagun harremana ere sendotu egin genuen Gernikako gazteekin batera. Uztailaren 27an izan zen, eta koronabirus kasuak kanpamentuetan uztailaren erdi aldera hasi ziren agertzen.

Eta hortik sortzen da elkarte berria?

Bai, Larry Casenaveren hitzaldiaren ostean, eztabaida bat egin genuen. Ideia eta proposamen ezberdinak mahai gainean jarri genituen, eta nola lagundu ditzakegun. Horrela, hurrengo egunean sortu genuen Saharako Gazte Aktiboak elkartea.

Zer da lortu nahi duzuena?

Gu kontziente gara errefuxiatuen kanpamentuetan beharrak asko direla. Hainbat gaixotasun kroniko daude, baina orain Covid-19an zentratu gara. Material bilketa egiten hasi gara, eta hainbat osasun profesionalekin hitz egin eta eztabaidatu eta gero, lau gauza bilduko ditugu: era guztietako musukoak, gel hidroalkoholikoak, eskularruak eta medikamentu gisa, Paracetamola.

Eta materiala eman nahi duenak zer egin behar du?

Gurekin harremanetan jarri sare sozial bidez, –Juventud Activa Saharaui– edota 631 136 515 telefono zenbakira idatzi edo deitu. Proposamen hau elkarte eta farmazia ezberdinetan ere luzatu dugu. Lau gauza horiek nahi ditugu, batez ere, lehenik eta behin bertako osasun profesionalak babesteko. Lehenengo osasun profesionalen beharrak ase nahi ditugu, horiek izango direlako herritarrak zainduko dituztenak.

Kanpamentuetako medikuekin baduzue harremanik?

Harreman zuzena dugu Saharako Medikuen Eskolarekin. Beraiek esaten digute kirurgikoa den musuko batekin egiten dutela lan 24 orduz, eta horrek kezka sortzen digu.

Zein da gaur egungo egoera?

Uztaila erdian hasi ziren kasuak agertzen. Abuztuaren 26an ateratako datuen arabera, 25 kasu positibo daude, bi hildako, ez badira gehitu, eta osatu direnak 16. Baina gehitzen joango dira, eta kezkatzekoa da. Ez da hor geratuko zifra. 200.000 mila pertsona bizi dira, eta datua dagoeneko altua da eta gure populazioa mapatik ezabatzeko arriskua ikusten dugu. Adineko asko dago, eta asko hiltzen ari dira sukarraldi batengatik. PCR testak iritsi dira, baina emaitza jasotzeko bederatzi egun itxaron behar dituzte. Proba egiten diete, baina bederatzi egun horietan ez daude konfinatuta, eta jendea ez dago kontzientziatuta oraindik. PCR egin zaien pertsonen datuak dira, eta dituzten baliabideak dituzte eta ez zaio proba edozeini egiten. Prebentzioan egin behar da lana eta horretan ari da Fronte Polisarioa. Kanpamentuetako osasun sistema, betidanik, prebentzioan oinarrituta egon da. Ezin da itxaron gaixotasuna agertu arte, zeren ez daude baliabideak. Ondorioz, beti oinarritzen dira prebentzioan. Sentsibilitate aldetik ari dira programa ezberdinak aurrera eramaten.

Zuek ere horretan lagundu nahi duzue.

Beraiek jada ari dira, eta osasun hezkuntza elkarlanean ari gara lantzen. Eta ideia, hemendik, euskal osasun profesionalekin batera harremanetan jarriz laguntzea da. Hemen lehenagotik bizi izan dute eta lehen lerroan aurre egin diote edo horretan ari dira, eta beraien esperientziatik abiatuta eta gomendioekin, protokolo ezberdinen berri eman digute, sahararrei ere baliagarri izateko. Eta bestetik, plataforma birtual bat martxan jartzen ari gara.

Zertarako?

Telekontsultak egitea da ideia, bideo dei edo txaten bidez. Hemengo osasun profesionalek kanpamentuetako osasun profesional edo errefuxiatuekin hitz egitea. Kasuren bati nola aurre egin ez baldin badakite, kontsultak egin ahal izatea edota zalantzak argitzea.

Material bilketa hasi duzue, baina kanpamentuetara iritsi ahal izateko zein da gaur egungo egoera?

Arazoa hor da. Mugak itxita daude, eta gure esku ez dago ezer. Ahalik eta material gehiena biltzen saiatuko gara, eta mugak irekitzen diren momentuan edota iristeko moduren bat iristen denean guztia bidaliko genuke. Beste alternatiba batzuk ere aurkitu nahian gabiltza, Gurutze Gorriarekin ere elkarlanean ari gara, eta baita beste ordezkaritza batzuekin ere. Fronte Polisarioa ere irtenbideak bilatzen ari da.

Laguntzaren batzuk iritsi dira?

Bai, baina bakarrik Argeliakoak. Jendeak garbi izan behar du sahararrak Argelian bizi direla, bertako desertuan errefuxiatu gisa. Mugak itxita daude gainerako herrialdeetara. Argeliaren laguntzagatik ez balitz, gaur egungo kasu positiboak ezin izango zituzten identifikatu. Lehen, Argeliaren laguntzaz gain, nazioarteko gainerako herrialdeen laguntza jasotzen zuten. Gosez hiltzen ari da jendea, eta egarriz. Gogoan izan behar dugu jendea nazioarteko laguntzari esker bizi dela bertan. Benetan euskal, espainiar edota Europako elkarte guztiek egiten duten lan bikainari esker bizirauten dute han. Janari, osasun eta hezkuntzako material bilketak egiten direlako, behar guzti horiek asetzeko. Egin diren elkartasun karabana guzti horiek blokeatuta geratuta daude Alicanten. Gero, Mendebaldeko Saharan dauden sahararrak ere gehitu behar dira, eta horiek ere benetan egoera latzean daude.

Tolosaldea Sahararekin elkarteak ere egin ditu kanpainak materiala biltzeko.

Bai. Janari bilketaz gain, edota dauden beharren araberako bilketaz gain, osasun materiala biltzeko kanpaina ere jarri dute guk bezala. Azkenean dena da beharrezkoa eta ezinbestekoa.

Haurrek ere udan ezin izan dute etorri.

Hori benetan kolpe oso-oso gogorra izan da. Bai hango haur eta beraien familientzat, eta baita hemengo euskal familientzat ere. Elkarteentzat ere bai. Urte asko da jada Oporrak Bakean programa martxan jarri zutenetik, eta haurrak desertuko errealitate gordinetik urruntzeko aukera ematen zuen.

Zerbait gehitu nahiko zenuke?

Bai. Euskal komunikabide guztiei eskerrak eman nahi nizkieke bihotzetik. Euskal komunikabide askok ireki dizkigute ateak, eta ez orain bakarrik. Gatazka hasi zenetik da, eta gurekin egon den herrialdea da. Eskerrik asko sahararrei ahotsa emateagatik. Eta ez komunikabideei bakarrik, gizartea orokorrean beti hor egon da. Bilketetan, sentsibilizazio programak egiten, manifestazioak antolatzen,... benetan euskal herritarrei eskerrak eman nahi nizkieke. Gure arteko harremana sendotzen jarraitzea gustatuko litzaiguke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!