Sasoi honetan, hainbat eta hainbat familiek, datozen erronka berriei aurre egiteko formulak asmatu beharrean daude. Leku batzuetan hala ere, ludoteka edota udako aisialdi eskaintza izango dute, batez ere, hiri handiagoetan. Baina bestalde, herri txiki batzuetan aurten ez da ludoteka zerbitzurik egongo.
Beraz, pilota familiaren teilatuan dago berriro, nola uztartu familia bizitza eta bizitza profesionala?
Pandemiak argi erakutsi du kontziliazio laborala oso zaila dela eta zaintza zerbitzurik gabe (eskola edota kanpamenduak, ludoteka) familia asko kinka larrian jarri direla familia bizitza eta lan mundua uztartzeko.
Tamalez, kasu gehienetan emakumearengan erortzen da zaintza, hain famatua egin den telelanaren formula aplikatuz. Baina lan estra honek, antsietatea eta estresa sortu ditu ikasturtean zehar eta udaran ere opor bitartean ildo antzekoak jarraituko du, haur eta gazteentzako aisialdi eskaintza murriztu baita.
Nerabeen kasuan, igerileku eta hondartzak daude egun-pasa joateko, baina hainbat eta hainbat oztopo izango dira bertara joan ahal izateko. Agintarien aldetik, egoera honetan eskaintza eza ikusi dugu, bakoitzak ahal duena egin dezala!
Zoritxarrez, ez gara ohartzen haurrak, gazteak eta hauen familiak direla kaltetuak. Haurrak eta gazteek erlazionatu beharra daukate, elkarrekin jolastu, baloreetan hezi eta familiak berriz atsedena behar du, eta baita, noski, lan mundua eta familia uztartu ere.
Helduen kasuan, helduen aisialdia aseturik dago; zinemak, tabernak, terrazak irekita daudelako. Haur eta gaztetxoen kasuan, parkeak orain gutxi arte itxita jarraitu dute eta aipatu bezala, aisialdi eskaintza gutxi edo ezer ez eskura. Beraz, zein gizarte mota da hau non haurrak eta gazteak bigarren lekuan uzten diren? Nola uztartu gizarte integratzailea, ahulenak (haurrak, gazteak eta zaharrak) albo batera uzten ez direla? Pandemiak gabeziak airean utzi ditu, gabeziak erantzuten hasteko garaia iritsi zaigu.