Udal bulegoetan aurrez aurreko zerbitzua, gaurtik

Ataria 2020ko ekainaren 9a

Ikaztegietako Udala udal eraikin batzuk zabaltzen hasiko da poliki-poliki, neurri bereziak hartuta.

Ikaztegietako Udala poliki-poliki udal eraikinak herritarrei irekitzen hasi da. Udaletxeak gaur zabalduko dizkie ateak herritarrei, eta betiko ordutegia izango duela adierazi dute. Horrez gain, liburutegia, frontoia eta gimnasioa ere arauekin zabalduko ditu.

Hasteko, udaletxera derrigorrezkoa izango da maskararekin sartzea. Barruan, bi metroko gutxieneko distantzia mantendu beharko da, eta arreta lekura iritsi orduko bertan egongo diren gelekin eskuak garbitu beharko dira.

Ordainketak egiteko esku dirua erabiltzea ekidingo dute, eta horretarako txartel bidezko ordainketa egiteko aukera jarri dute. Gizarte langilea, ohi bezala, astelehenetan joango da, eta aurrez aurreko hitzorduekin hilaren 15ean hasiko da. Hori bai, aurrez aurreko arreta nahi duenak, ezinbestekoa izango du ordua hartzea 943 65 33 29 telefono zenbakian. Hitzordurik hartzen ez duenak ez duela gizarte langilearen arretarik jasoko nabarmendu dute udaletik.

Liburutegia ohiko ordutegian irekita egongo da, astearte eta ostegunetan 16:30etatik 18:30ak bitarte. Liburuak maileguan hartu edo itzultzeko zerbitzua bakarrik eskainiko da momentuz, eta ezingo da liburutegian egon. Bertako arduradunak adierazitako ohartarazpenak jarraitu beharko direla argitu dute.

FRONTOIA ETA GIMNASIOA

Dagoeneko zabalik daude kiroldegiko frontoia eta gimnasioa ere. Jaurlaritzak ezarritako araudiari jarraituz, derrigorrezkoa izango da erabili nahi duenak aldez aurretik ordua hartzea. Eta behin ordua izanda, adierazitako segurtasun nahiz higiene neurriak errespetatu beharko ditu erabiltzaileak.

Astelehenetik ostiralera irekiko dira, eta goizero lau orduz egongo dira zabalik kirol instalakuntzak. Bi txanda antolatu dituzte horretarako, 07:30etik 09:30era eta 10:00etatik 12:00etara. Hori bai, aldagela eta komunak ezingo direla erabili aurreratu dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!