Begiraleak behar ditu Ikaztegietako Udalak udarako

Ataria 2020ko apirilaren 17a

Ikaztegietako Udalak, gaur egungo larrialdi egoera amaitu, eta egoerak ahalbideratuko balu, urtero moduan udan ludoteka zerbitzua eskaintzeko asmoa du.

Herriko eskolako haurrei zuzendutako ludoteka zerbitzua izango litzateke Ikaztegietako Udalak udan eskainiko lukeena. Begiraleak behar ditu, eta lehenik eta behin, herritarrei eskaini nahi die aukera haur eta gazteen aisialdirako begirale gisa lan egiteko.

Baldintzen artean, herritarra izateaz gain, euskara jakitea; 18 urte beteak izatea edo urte honetan betetzea; eta haur heziketarekin zerikusia duten ikasketak izatea edo eta aisialdirako hezitzaile edo denbora libreko monitore titulua izatea jarri dituzte.

Interesatuek maiatzaren 4a, astelehena, izango dute izena emateko azken eguna. Curriculuma udaletxeko udala@ikaztegieta.eus helbide elektronikora bidali beharko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!