Koronabirusa

Nola aldatuko du koronabirusak mundua?

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2020ko apirilaren 12a

COVID-19aren osasun krisiak gizarte antolaketaren oinarriak astindu ditu: zaintza, lanaren antolaketa, klima krisia, krisi ekonomikoa, gobernantza, prekaritatea, hezkuntza, IKTak, harremanak, kultura, zientzia, zerbitzu publikoak... Jakintza arlo ugaritako 30 adituk gogoeta egin dute krisitik sor litekeen mundualdi berriari buruz, tartean Alba Garmendia Castañosek  (Ikaztegieta).

Berriak berri

ALBA GARMENDIA CASTAÑOS (Ikaztegieta, Gipuzkoa, 1992) Filosofia doktoretza prestatzen ari da, EHUn. Jakin-eko kolaboratzailea ere bada.

Ez dagokit niri aurreikuspenak egitea, baina eszeptizismoz begiratzen diet iraultza-iragarpenei. Dena aldatzen bada, ezer alda ez dadin izango dela pentsatzen dut, azpiegiturek —denetarikoek— irautera egiten dutelako.

Ez dagokit niri aurreikuspenak egitea, baina pentsatzen dut berri-usteko ezjakintasun hau bukatzeak lehengo ezegonkortasun berberei emango diela bide. Eta berria izanagatik lehengoa izango den krisi ekonomikoaren aitzakiak lotuko gaituela beste salbuespen-egoera batera, oraingoan normaltasun itxura gehixeago izango duena.

Ez dagokit niri aurreikuspenak egitea, baina fikzio bihurtu omen zaigun errealitateak erreal izaten jarraiko duela ere pentsatzen dut. Itxialdiko asperdurari erantzuteko jaso ditugun film-liburu-iritzi-artikulu distopikoei bi aurpegiko arrisku bera ikusten baitiet: amesgaiztotik esnatu ezinda beldurrek otzantzen uztea, bat; bestea, begiak ireki eta egun berriarekin orri zuri ederraren aurrean egongo garela sinestea, paper horren ezaugarriak «oinarrizko» jarduera ekonomiko-politikoak aspaldi definituak dauzkanean.

Baina ez dagokit niri aurreikuspenak egitea, eta oker egoteko irrikan nago.

Irakurri hausnarketa guztiak Berria-n. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!