Koronabirusa

Beltza gorri ikusten dugunean

Erabiltzailearen aurpegia Alba Garmendia CastaƱos. Filosofian doktoregaia 2020ko apirilaren 8a

Noiz atera ginen 2008ko krisitik? 80ko hamarkadan beste bat izan zen, ezta? ETArena ere ez al zen garai kritikoa? Beste bat omen dator orain… Noiz bukatuko den? Batek daki!

Hasiera jakina eta amaierarik ez dutenak dirudite gure krisiek. Etorkizun beltza, gero eta grisago hara gerturatzen goazen neurrian, zuri neutro bertan gaudenean. Inoiz ez da gorria dirudien beltz horren kolorekoa, mahai gainean kolpea emateko horietakoa.

Salbuespen-egoeraren batean beti, ezin etorkizuna pentsatu oraingoz; oraindik; orain. Orain, itxialdia da. Gero gerokoak. Esaten baita orainaren garaia dela gurea: iragana historia-liburuetan (aldaezin), museoetan (aisialdirako produktu turistiko), oroitzapenetan (nostalgia idealizatzailearen esklabo) dago; etorkizuna, berriz, distopikoa da. Sinesbera behar du herri demokratiko, ekologista, feminista, baketsu, eder… bat posible dela uste duenak.

Distopia, zer zen ez zekienak ere ondo ikasia izango du dagoeneko!

Antzekotasunak hamaika, literatura/film distopikoen eta koronabirus apokaliptikoaren artean (oharra: antza izatea ez da gauza bat eta berbera izatea; ez gara distopiaren bateko protagonistak, errealitatea besterik ez da gurea).

Baina «bukatuko da hau guztia», etorriko da apirilaren 26a eta iritsiko da uda eta helduko diogu ikasturte berriari ere. Koronabirusa liburu-pelikula-dokumentalen bat izango da, historia. Etorkizuna? Beltza, grisa, zuria. Orain izaten jarraituko du orduan ere.

Itxialdian irakurritako denbora-pasa liburua nola, hala geratuko da gaurko salbuespen-egoera gure memorian: apaleko oroitzapen lauso samarra.

Aurreko eta hurrengo denbora-pasa liburuen ondoan; aurreko eta hurrengo krisien segidan. Noiz bukatuko den?

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!