Ikaztegietan 18 urteko gazte bat atxilotu dute ustez elizan lapurreta egiteagatik

Ataria 2020ko apirilaren 1a

Ertzaintzak jakinarazi duenez, goizaldean izan da atxiloketa, "San Lorenzo elizan indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta".

03:00ak inguruan, bizilagun batek Ertzaintzari deitu diola jakinarazi dute, "susmagarriak iruditu zaizkion hainbat pertsona ikusi dituela San Lorenzo elizaren inguruan" esanaz.

Oriako Ertzain-etxeko patruila bat hurbildu da adierazitako lekura, eta hiru pertsona ikusi ditu elizaren atzeko aldetik irten eta korrika Oria ibairantz alde egiten. Ertzaintzaren kontaketaren arabera, "agenteek atzetik segi diete susmagarriei, eta ustezko lapurretako bat harrapatu eta identifikatu dute. Bertara hurbildu den beste patruila batek egiaztatu du elizako bi atek kalteak zituztela, eta, gainera, palanka egiteko erremintak ere aurkitu ditu".

Ertzaintzak jakinarazi duenez, polizia aurrekariak ditu 18 urteko gazte atxilotuak: "Agenteek ikerketa jarri dute abian, oraindik aurkitu ez dituzten beste bi inplikatuak identifikatzeko. Bestalde, Ertzaintza ikertzen ari da ea 18 urteko gizonezkoak zerikusirik duen azken asteotan egin diren eta goizaldean Ikaztegietan egindakoaren antzeko ezaugarriak dituzten beste hainbat lapurretarekin".

Beste hainbat lapurreta: Alegian, Ikaztegietan...

Beste ikerketa bat ere zabaldik duela esan dute Ertzaintzatik: "Ikertzen ari dira akusatua inplikatuta ote dagoen joan den otsailaren 23an Alegiako parrokia-etxean egindako lapurretan, martxoaren 5ean autokarabana batean egindako lapurreta-ahaleginean eta martxoaren 13an herri bereko eliza batean egindakoan. Horrez gainera, joan den astelehenean Legorretako trastelekuan egindako lapurreta-ahalegina ere ikertzen ari da. Azkenik, agenteak joan den igandean Ikaztegietako etxebizitza batean egindako lapurreta-ahalegina eta auto batean egindako lapurreta ere ari dira ikertzen".

Atxilotua Ertzain-etxera eraman dutela azaldu dute, eta epailearen aurrera eramango dutela  eginbideak amaitutakoan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!