Ikaznek gorputza du

Tolosaldeko Ataria 2019ko abe. 12a, 11:57
Maddi Muxika haurrak eraman zuen etxera lehen aldiz Ikazne.

Ikazne ipuineko pertsonaiak panpina du dagoeneko; herriko eskolako haurren familietan sartuko da Ikazne euskararen erabilera zabaldu eta zaintzeko.

Euskararen Egunaren bueltan hartu du gorputza Ikazne pertsonaiak, Ikaztegietan. Herriko Euskara Taldeak hilabeteak eman ditu lanketa egiten herriko haurren euskararen erabilerak kezkatuta.

Pasa den ikasturtean, herriko idazlea den Iñaki Zubeldiak idatzitako Ikazne ipuina iritsi zitzaien eskolara. Ipuina irakurri eta landu zuten, haur bakoitzak, Ikazne panpina marraztuz. Aurten, ordea, pertsonaiak berak egin die harrera. Ipuin kontaketa bidez, lehenik eta behin, Ikazneren ipuina entzun ahal izan zuten ikasle, guraso eta gerturatu ziren herritarrek. Eta ezustekoa zegoen bertan. Ikazne panpina.

Lehen egonaldia Maddi Muxika ikaslearen etxean egin zuen. Esku zabalik hartu zuen panpina ipuina entzun ostean: «Oso pozik eta eskertuta zegoen, eta momentu guztian alboan izan zuen. Ipuina kontatu zion, euskal kultura erakutsi zion eta euskal produktuak eman zizkion dastatzeko ipuina kontuan hartuta», azaldu du Sonia Plaza amak. «Etxean mahaian aulki batean eserita jarri zuen gurekin batera afaltzeko. Jolasean artzain-andrez jantzi zuen, eta oherakoan ohea ere egin zion lo goxo egiteko», argitu du Plazak. Motza egin zitzaion Ikazneren bisita Maddi Muxikari. Hurrengo egunean eskolan entregatu behar izan baitzuen beste ikasle batek etxera eramateko, «triste jarri zen gehiago nahi zuelako». Gurasoak eskertuta agertu dira: «Oso ideia polita eta ona iruditu zaigu Ikaznerena».

Ikazne etxez etxe ibiliko da, eta haur bakoitzaren eta honen familiaren esperientzia ezberdinak biziko ditu ilusioz. Baina bere helburu nagusia, euskaraz biziaraztea eta familiak euskara erabiltzera bultzatzea izango ditu.

IPUIN KONTAKETA, GAUR

Ikazneren ipuin kontaketaren ostean, gaur, ikasleek beste ipuin batez gozatzeko aukera izango dute. Ane Gebara ipuin kontalariak, 16:30ean, Oihaneko tira-birak kontatuko die liburutegian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!