Behobiaz gain, badira «bizirik mantendu beharreko» lasterketak

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko aza. 13a, 11:58

Ikaztegietako XXIX. Herri Krosa larunbatean izango da, 16:30ean; 10 kilometroko ibilbidea da, eta izen ematea zabalik dago. Sari ugari banatuko dituzte parte hartzaileen artean.

Ikaztegietako Herrigintza elkarteak prest du XXIX. Herri Krosa. Larunbatean, hilaren 16an izango da, 16:30ean. Korrikalariek hamar kilometroko ibilbide gorabeheratsua izango dute.

Igandeetan egitetik larunbatera pasa zuten duela urte batzuk. «Zalantzak izaten ditugu, baina azken urteetako ohiturari jarraituz larunbat arratsaldean egingo dugu. Egokia ikusten dugu bai korrikalarientzako eta baita ikaztegietarrontzako ere», argitu Xabat Ibarguren elkarteko kideak. Herrigintza elkarteko bazkideek afaria izaten dute ostean, eta «egun polit» moduan definitu du.

Nahiz eta egunean bertan izena emateko aukera eskaintzen duten, antolatzaileek aldez aurretik izena ematea gomendatzen dute: «Eskertuko genuke www.herrikrosa.eus webgunearen bitartez izena ematea». 10 euro ordaindu beharko da, eta lehen 100 korrikalariek kamiseta izango dute opari.

Ibilbidearen nolakoaz galdetuta, «guztiek esaten dute gorabeheratsua dela. Zirkuitu baten inguruan egiten den lasterketa da, eta hiru itzuli ematen zaizkio herri barruko itzuli bati. Zonalde lauak oso gutxi ditu, eta etengabe gora eta behera egiten du, eta egia da, lasterkarientzako ez dela bide erosoa, baina aldi berean entretenigarria ere bada», dio Ibargurenek. Herrigunetik askotan pasatzeak, ikusleentzat ere erakargarri egiten du lasterketa. Korrikalariak askotan ikusten dituzte aurretik pasatzen, eta era berean, korrikalariek ere animoak maiz jasotzen dituzte.

Lehenengo hiru emakumeek eta gizonek sariak izango dituzte. Diruaz gain, bertako produktuen sortak jasoko dituzte. Beteranoen kasuan lehen sailkatzen direnentzat izango dira sariak, eta herriko lasterkarien kasuan ere, herriko lehen emakumeak eta gizonak jasoko du Herrigintza elkartekoen saria. Lasterketako lehen sailkatuek, aurten, masaje saio bana ere jasoko dute sari moduan, eta irabazleez gain, Tolosaldeko eta Goierriko lehen emakumeentzat eta gizonezkoentzat ere izango dira masajeak. Sariez gain, Ikaztegietako krosaren bereizgarrietako bat da, sari banaketaren aurretik ematen diren pintxoena. Herrigintza elkarteko zuzendaritzakoak arduratzen dira bazkideekin batera jatekoa eta edatekoa banatzeaz.

Bukatzeko, Xabat Ibargurenek, bereziki deia egin die lasterkariei, eta baita Behobia egin berri dutenei ere: «Behobia moduko makro lasterketa batean izena eman badute, zergatik ez dute honelako lasterketa txiki batean emango? Herri txikietako lasterketa hauek ere zaindu behar ditugu, eta Behobiak ere behar dituela uste dut honelako lasterketa txikiak jendea kirola egitera animatzeko. Herri txikietako lasterketa hauek ere oso politak direla esango nieke korrikalari horiei».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!