"Plastikoa behin sortuta ez da inoiz desagertuko"

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko aza. 6a, 19:59

Ikaztegietako Kulturaldiaren barruan 'Nola bizi hondakinik sortu gabe' hitzaldia eskainiko du, etzi, Portugalen bizi den ikaztegietarrak.

Porton bizi da Maddalen Diaz (Ikaztegieta, 1991). Ingurugiro zientziak ikasi zituen, eta masterra egitera joan zen Portugalera. Aurten, beka batekin Indonesian izan da, eta Balin aritu da lanean. Etzi, sorterrira itzuliko da, Nola bizi hondakinik sortu gabehitzaldia, 19:30ean, eskaintzeko.

Posible da hondakinik sortu gabe bizitzea?

Bai, edo behintzat askoz gutxiago sortuz bizitzea posible da. Orain dela urte batzuk Zero Waste mugimendua sortu zen, eta mugimendu horren bultzatzaileek erakusten dute urtean nola bizi diren zabor gutxi-gutxi eginda. Hain gutxi sortzen dute, ontzi batean sartzen zaiela. Denok ez daukagu beraiek bezala bizi beharrik, baina pauso batzuk jarraituz askoz hondakin gutxiago sortu dezakegu.

Zer jasoko du hitzaldira doanak?

Lehenik eta behin datuak emango ditut, eta hondakinen arloan nola gauden bai Euskal Herrian eta baita munduan ere. Hondakinen arazoari buruz hitz egingo dut, eta errauskailuari buruz ere hitz egin nahiko nuke, hori ez delako bidea. Eta batez ere, jendeari iruditzen zaio birziklatuz gero dena egina dagoela, eta uste hori apurtu nahi dut. Ez dela egia erakutsi nahi dut. Birziklatzea ondo dago, baina ez da nahikoa. Eta erakutsi nahi dut zein pauso emanda bizitzen zaren hondakin gutxiago sortuz.

Badakizu gutxi gorabehera zenbat hondakin sortzen duen pertsona bakoitzak?

Lekuaren arabera asko aldatzen da. Ikaztegietan, esaterako, atez atekoa dugu eta nahiko ondo gaude. %80a birziklatzen da, kontua da, birziklatzen dela uste dugun plastikoaren zati handi bat ez dela birziklatzen. Guk uzten dugu edukiontzi horian, eta gero, ez dakigu zer gertatzen den. Ematen du birziklatzen dela, baina mundu mailan ikusten baldin badugu, plastikoaren %5a baino ez da birziklatzen, eta ez da bideragarria.

Ahaztu egiten gara hondakinez?

Bai, hori da, eta hori birziklatzen dugunon artean. Uste dugu edukiontzi horian utzi eta magia egingo dutela, eraginik sortu gabe birziklatuz, eta arazoa hor bukatu dela. Hori ez da pasatzen. Oso plastiko gutxi dira birziklatzen direnak, eta jateko edukiontziei dagokienez, ezin da %100a birziklatu, zeren ez da segurua. Jakia badu barruan, plastiko hori ez da garbia, eta birziklatutako plastiko horrek toxikoak ditu. Beraz, ezin dugu %100ean birziklatutako plastiko hori erabili, orduan, beti egon behar dugu plastiko gehiago produzitzen.

Hondakinak ez sortzeko zein izan daitezke gakoak?

Gako asko daude. Hasteko, adibidez, beti eramatea zurekin kristalezko edo aluminiozko ur botila bat. Erosketak egiterakoan edukiontzirik gabeko dendetara joan zure poltsarekin eta kristalezko ontziekin.

Erosketak egiteko supermerkatu handietara joateko ohitura oso zabaldua dago. Horietan posible da?

Bai, normalean gauza gehienak plastiko edo bestelako edukiontzietan daude. Baina bizimodu honekin hastean, gauzak beste era batera ikusten hasten zara. Adibidez, ni plastikorik gabe dauden produktuek erakartzen naute. Supermerkatuetara joatean, nahiz eta gutxiago izan, beti aurkitzen ditut produktuak eta horiekin konformatzen naiz.

Denda txikiak izan daitezke aukera?

Aukera gehiago dago denda txikietan. Mugimendua edo bizitzeko era hau geroz eta jende gehiagorengana iristen ari da, eta orain hasi dira supermerkatu eta denda handiak ere aukera hori ematen. Nik nahiago dut denda txikietara edota merkatuetara joatea.

Gizarteak aldaketa handia eman beharko du, ezta?

Bai, nahiz eta jendea hasi den, eta geroz eta gehiago entzuten den plastikoari buruz hizketan. Badirudi jendea ari dela kontzientzia hartzen, baina iruditzen zaigu birziklatuta nahikoa egiten dela, eta jendeak konturatu beharko luke hori ez dela egia. Oso zaila da birziklatzea, eta kasu askotan, ez da bideragarria eta oso garesti ateratzen zaie enpresei. Maiz, erraustegian edota zabortegi batean amaitzen dute plastikoek. Edo bestela naturan, ihes egiten dutelako. Nonahi dago plastikoa, tamalez.

Erraustegia ez dela bidea diozu.

Erraustegiarena ez da bidea, nahiz eta hori saldu nahi diguten. Erraustegiak erre egiten du eta karbono dioxidoa isurtzen du ingurumenera. Horrez gain, ematen du erre eta gero hondakinak desagertu egiten direla, eta hori ez da egia. Bolumena da gutxitzen dutena. Errautsak geratzen dira, eta errauts horiek zaborra dira. Eta baliabideak erreta behin betirako galduta daude. Inondik inora ez da erraustegiarena bide ekologiko bat.

Zein izango litzateke bizi estilo eredugarriena?

Eredugarriena esatea zaila da, baina argi dagoena da kontsumoa gutxitu behar dugula. Gaur egun egiten dugun moduan, geroz eta gehiago kontsumitzen jarraitzea ezinezkoa da. Gutxiago kontsumitu behar dugu, bertako produktuak izan daitezela, bilgarririk gabeak, eta ahalik eta gehien, plastikoa saihestuz.

Kontzientziazio lan handia egin beharra dago.

Bai. Jendeari ahaztu egiten zaio, edo ez du begiratu nahi edo ez du ikusi nahi arazoa hor dagoela. Jendea ez dago prest aldaketak egiteko bere bizitzan. Jendeari erosotasuna asko gustatzen zaio. Nik uste dut jendea kontzientziatuago egongo balitz, pauso gehiago emango lituzketela.

Asko hitz egin duzu plastikoaz, baina plastikoaz gain bada hondakinik.

Bai. Baina bizi eredu honek plastikoa du etsai nagusi. Guk ez dugu nahi plastikoa beste material batekin ordezkatzea, hau da, papera edo kristalarekin. Material guztiek dute eragina. Plastikoa paperarekin ordezkatuko bagenu, papera zuhaitzetatik dator, eta bere prozesuan energia eta ura behar ditu. Ingurugiroan denek dute eragina, nahiz eta plastikoa den arriskutsuena. Plastikoa behin sortuta ez da inoiz desagertuko. Beti zati txikiagoetan bihurtuko da, eta momentu batean ikusezina izango da, baina ez du esan nahi ez dagoenik. Hor egongo da eta kutsatzen jarraituko du betirako.

Azken urteetan egin du gainezka ?

Azken urteetan kontzientzia dago handiagoa, baina hala ere, urtetik urtera geroz eta gehiago produzitzen da. Egia da gero eta gehiago ikusten ditugula hondartzak plastikoz beteta edo animaliak plastikoz itota...

Zero Waste mugimendua ere aipatu duzu.

Mugimendu horren bueltan nabil hemen Portugalen. Mugimendu hori izan zen horrela bizitzeko hautua egitera eraman ninduena. Modan dago egun, baina nik ez dut esan nahi moda horri jarraitzeko. Modak joan eta etorri egiten direnak dira. Bizitzeko era kontziente bat da, eta hori da hitzaldian azaldu nahi dudana. Ezin dugu horrenbeste zabor egiten jarraitu. Gainezka egin dugu.

Portugalen bizi zara. Nolatan?

Masterra egitera etorri nintzen. Euskal Herrian ez nituen baldintza onak aurkitzen, eta hemen egitea erabaki nuen. Gero hemen lanean hasi eta...

Zer moduz bizitzen da?

Ondo. Porton bizi naiz, hiri handi batean. Dibertigarria da, baina egia esan Euskal Herriarekin konparatuta oso gaizki kobratzen da. Pobrezia handia dago.

Zertan ari zara orain?

Indonesiatik itzuli berri naiz, eta nire etorkizunarekin zer egin erabakitzen ari naiz.

Aurten Indonesian izan zara. Zer dela eta?

Eusko Jaurlaritzak 30 urte azpikoentzat beka batzuk ditu munduko edozein tokitan praktikak egiteko. Balira joatea egokitu zitzaidan ingurumenarekin lan egiten duen fundazio batera. Denetik egin behar izan dut. Ikerketak, esaterako, hondakinen kudeaketan Bali uhartean zein arazo dauden; haurrak etortzen ziren, eta bizitza iraunkorrago bat nola izan azaltzen genien. Hondakin asko dute eta kontzientzia gutxi. Jan eta lurrera botatzen jarraitzen dute platano orriekin egiten zuten moduan. Ez dakite plastikoa ez dela desagertzen. Plastikoa edonon dago. Ez dute beste aukerarik, edo lurrera botatzen dute edo erre egiten dute etxe aurrean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!